Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Beste disko bat egin beharko dut UFera itzuli ahal izateko


data2015-09-29data  Hantxe zeuden, ziur, benetan..., Rosalia, Becket, Brecht eta Garcia Lorca. Putre, Xarra, Luigi eta Pakoren alboan eserita, nahikoa isilik guztia esan behar badut, baina adi demonio. Banekien inork ez ninduela sinestuko, eta horregatik eskatu nion Pakori argazkia egiteko, gertakizunaren lekukoa edukitzeko, inork zalantzan jarriko ez zukeen froga batekin itzultzeko Vigotik.

Musikaren bidez ezagutu genituen duela urte asko Pako eta Luigi, Vigoko UF kafetegiko nagusiak. Gaztelupekoen lagunak zirenez, lehen diskoa aurkezteko proposamena jaso nuen, duela 20 bat urte edo. Motoan joan ginen, kantauri itsaso-ertzetik, Hernanitik Vigoraino, eta hain oroimen ona ekarri genuen bueltan, orduez geroztik oso maiz joan izan garela Vigora. Eta batez ere, disko berria kaleratzerakoan tradizioa bihurtu da Putre eta biok motoa hartu, eta diskoa eskura emateko, asteburu batean Vigora bisita egitearena. Horrela egin genuen baita Txukalda diskoa kaleratzeko motorra saldu ondoren ere. Anaiari eskatu nion Kalamidadiak diskoa eraman ahal izateko. Hura izan zen UFera egindako azken bidaia. Urte gehiegi, beraz, lagun Galegoen abegikortasunaz gozatu gabe. Asteburu honetan itzuli gara, eta noski aurrekoetan bezala kantaldia eman dut, Be├▒ardorik gabe. Hura hutsunea.



Negozioa baino, gure bi lagunen etxea da UF. Bertan bizi dira, eta espazioa ezkerreko kulturaren hamaika ikonoekin konpartitzen dute. Ez dakit nola moldatzen diren, gero eta leku gutxiago baitago libre, hormetan, zapaian, mahaietan, barran, airean... Haien etxea da eta geu, etxean bezala senti-arazten gaituzte, beti, urteak elkar ikusi gabe egonda ere. Atea ireki bezaian laster, sumatzen duzun espezia-usaina, beso zabalik jasotzen zaituen argi goxoa, esertzeko gonbita egiten dizun musika bikaina. Gero datoz, zentzuz betetako elkarrizketak (askotan zentzugabeak), otordu inprobisatuak, edari-kata amaigabeak, ezusteak, proiektu eroen planifikazio zorrotzak.

Guzti horrek baieztatu egiten du taberna hartan ez dagoela lekurik esnobismoarentzat, itxurakeriarentzat, ez dagoela zertan kultura elitismo estetikoekin lotu. Horman dauden argazki guztiek dutela lekua bertan, banan-banan aukeratu dituztela, ez dituztela erosi argitaletxe progre baten subastan. Jakinak direla, entzuten diren kantuak ere, eros daitezkeen liburuak, edan daitezkeen edari asko... Luxua da bertan egotea, benetan. Inoiz Vigora joaten bazarete, mesedez, ez utzi UF kafetegia bisitatu gabe.



Ostiral arratsean iritsi , larunbata gauean kantaldia, igandean bazkari ederra egin Portugalen eta astelehenean buelta (10 bat orduko bidea da autoz eta dena ongi joanda). Horixe plana, eta horrelaxe egin genuen, esan dezakegu, lotsik gabe gainera, kantaldia ematea aitzakia baino ez dela bertara itzultzeko. Azkenekotan etxekoentzat bakarrik jo baitut. Horrelaxe izan zen baita larunbata honetan ere. Baina, zer demonio, bikain pasatu genuen, eta irribarre handi bat ezpainetan itzuli ginen etxera Xarra, Putre eta hirurok. Horixe da gure esparrua, gure joko-zelaia.

Ez nituen kantu guztiak egin, kontuan hartu kantuak aurkezterakoan hitzen azaleko itzulpena egiten nuela, beraz, 10 bat kantuekin nahiko. Orduan ikusi nituen eserita, lagunen alboan, Brel eta Kavafis, Miguel Hernandez eta Jose Afonso, Joyce eta ... beste hainbat. Guztiak zeuden bertan, UFeko orduetako biztanle guztiak nituen begira. Hori baino publiko hoberik. Mila esker guztioi, beste disko bat egin beharko dut UFera itzui ahal izateko.



Entzun eta jaitsi

Emanaldiak

Arraina

Jaitsi osoa (mp3)

arraina2

Jaitsi osoa (wawe)

arraina3




Zure iruzkina egin







Ľ Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Ľ Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Ľ Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons