Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Pizzak entzutegi nazionaleko epaileentzat


data2015-09-03data  Iritsi garenean, 8ak paseak, oholtzan topatu ditugu, aurpegi serioz, probaketak egiten. Ahotsa bitan joan zaie, edo hirutan agian. Gitarrak afinatzen lanak. Teknikoarekin behin eta berriz berriketan. Hau ez dago ongi, bestea ikutu… Ezin dena puntuan jarri. Hori guk hartutako inpresioa behintzat. Halako baten, gitarrak bildu, bazter batean utzi, eta oholtza parean aulkietan eseritakoen artean, begirada altxa gabe, Andoni aurretik eta Beñardo ondoren, Arranon sartu dira. Telefonoari heldu dio Andonik… Gu, harrituta, zer gertatzen den ongi ulertu gabe.

-Bertan behera utziko dute?
-Etzekiat motel! Baiña etzakak itxura onik!
-Goazemak beraiengana ea zer dioten.
-Zer Beñardo, bertan behera?
-Keba , keba, horiek probaketak hittuan. Orain beste bikote batek abestu behar dik.



Goierritarra bezala aurkeztu dute kantatu behar duen bikotea, baina neska abesten hasi eta bere euskalkiak zelatatu du bizkaitarra dela. Ahots ederra du, txukun abesten du, eta bikote polita osatzen dute. Andoni eta Beñardo hasi artean, ardo bat edanez pizza bat afaltzea erabaki dugu. Goxoak prestatzen dituzte Zarautzeko Arranon.

10etan ego dira oholtzara. 30zm inguruko altuera du oholtzak, baina nabarmen geratzen dira eserita dauden ikusleen aurrean. Gau ederra dago kalerako, epela. Ikusleen artean eseri gara gu ere. Dozenaka batzuk bagara hasteko irrikaz gaudenak.

“Arrainentzako himnoak” abestiarekin hasi dute emanaldia. Kantu honek presentazioaren pisua hartu du bai diskoan, baita zuzenekotan ere; Zoriontasuna islatu nahian jarraitu dute “ile bat hortzen artean” iradokitzailearekin. Bakoitzak jakingo du zein gogoeta etorri zaion burura…



Ordubete pasatxoan eraman gaituzte hara eta hona. Etorbide luzean emakume beltz bat irudikatu dugu bizikletan; “Gizon Arruntaren Seme-alaben Koplak” aho betez abestu ditugu; Alardea barrutik bezala bizi izan dugu “Hondarribia 2012” ederrean. Plastiko beltzek oraindik begi asko tapatzen dituzte. Tamalez laster izango dugu berriz ditxosozko errepikapena; Badakit kostaldean gaudela, baina bat-batean itsasoaren kresala usaindu dugu ijitoen lanari esker, eskuekin jasotako kresalari esker; Eta agurrak zein zailak diren konturatu gara; Eta, txaloz lehertu gara ehun tonak kamioiaren azpian maitaleren alboan hiltzea erregalia dela abestu ondoren.

Hego haizea dabil, eta Andoni eta Beñardoren irudiak dituzten ploterrak ia lurrera bota ditu. Bi gitarrako taularatzen honetan, dirudienez haizeak ere izan nahi du kontzertuaren parte. Eta isildu behar zirela iradoki digute “isiltasuna” abestean; eta guk, isiltasuna zertarako nahi dugun ez dakigun horiek bisak eskatu dizkiegu. Ez dugu plazer hau bukatzerik nahi, ez horixe! Eta tango batekin ausartu dira “Flako Goitxe”ren aurkezpenaren ondotik. Kontuz ibili beharra dago Lurraldebuseko kanibalekin, edonon dasta bai daiteke euskal okela. “Gordo Tolosa”ren pausuak ikusita, zertarako joan Argentinara tangoa ikastera. Harridurazko sustoaren ondoren, barre ederrak bota eta txalo apartak jo ditugu.

Eskerrak ez ditugun memoria ezabatzeko pilulak hartu, azken orduterdia gogoratzekoa izan baita. Eskerrik asko Andoni eta Beñardo. Eta noizbait Arrano ixteko intentzioz etorri behar badute, txio bat bidali dezatela zenbat etorriko diren esanez, gu bezala haiek ere ez daitezen gosez itzuli, Arranon ongi baitakite afaltzen ematen. Eta pizzazko nabe intergalaktiko bat prestatuko diegu, urrutira joan daitezen beraien nagusiei txostenak idaztera, Diario Vascori buruz zer idatzi izango dute-eta, nahiz dagoeneko ez egon zabor poltsarik balkoietatik zintzilik.

Ibon
Zarautz 2015/08/27.



Zure iruzkina egin







Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons