Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Bira honetako bigarren soka hautsi nuen Itziarren


data2015-08-09data  Guztia ez da joan, jan, jo eta kobratu (ez bereziki orden horretan). Hori bakarrik balitz, ze hutsala musikariaren bizitza. Aditz horien artean jendea, lekuak eta egoerak daude. Ezezaguna den leku batera joan baino lehen buruan egiten duzun mapa (gutxitan betetzen dena). Emanaldia hasi aurreko tarteetako deskubrimendu intimo horiek: entxufeak non daude, trastoak gordetzeko gelatxoren bat?... Behin emanaldia hasita, gertatzen dena. Eta, jakina, bukatutakoan zurekin etxera eramaten duzuna, bertakoei lapurtzen dizkiezun oroimen apur horiek.

Zer ekarri genuen etxera Itziartik? Bada gauza asko. Lehenik eta behin, herri bat herri bat dela, eta hori ez dagoela ingurukoek esaten dutenaren menpe, bertakoen gogoaren araberako zerbait baita herritartasuna, eta txikitasunak ez du herritartasun hori handiagotzen baino. Bigarrenik, asko gustatzen zaigula herri txikietako giroa, askotarikoa delako, anitza. Gustu, adin, joera ezberdineko jendearen aurrean jotzeko aukera duzulako, eta hori asko nabaritzen delako, gu bezala, distantzia motzean ari zarenean. Zer grazia dauka beti zu bezalako "momorro" (maitasun osoz) berdinen aurrean jotzeak? Eta hirugarrenik, zer gozagarria den gauzak errazten dizkizuten antolatzaileak topatzea, antolatutako ekitaldiarekin konprometitzen direnak, borondatezko ordu batzuk xahutzen dituztenak musikari alproja batzuen ondoan, guztia bide onetik gerta dadin ahalegintzen direnak....

Ondorioz, asko gozatu genuen Itziarren, hainbeste, horrela laburtu zuela Beñardok furgonetan etxera bueltan gentozela, oso ohikoa ez duen moduan: "Kantu batzuekin goia jo dugu emanaldi honetan". Ados, izenik esatera ausartu gabe, baina kantu batzuk inoiz baino hobeto egin genituela uste dut, eta era berean, zaila izango dela inoiz hobeto egitea.



Ez uste, ez ginen oso bide onetik hasi, eztabaidan ari ginela-eta Itziarko autopista sarrera saltatu genuen, autopista xelebre horrek duen irteera xelebreenetako bat. Ibonek afaritan azaldu zigunez, 70ko hamarkadan martxan jarri nahi zuten, eta zorionez, erdi-bidean geratu zen plan "desarrollista" baten ondorioa dira neurriz kanpoko poligonoa eta autopista-irteera. Bidean geratu ziren; zentral nuklearra, urbanizazio erraldoia... Hortik atera kontuak. Ibon, berriz, gurekin e-mail bidez harremanetan jarritako antolatzailea zen, laster batean guregana hurbildu zena, Burugorri ostatu/ kultur-gunearen atarian aparkatu genuenean. Orduan, jarri genizkion aurpegia eta ahotsa gure kontaktuari. Mezuetan iradokitakoa bete zen, soberan. Trastoak igo, montatzen lagundu eta soinu-proba , musikari ez direnentzat amaitezina dena, jasan ondoren, elkarrekin afaldu eta kontu kontari aritu ginen.

Gauzak bide onetik zihoazen, hainbeste, berandu iritsi arren lasai afaltzeko beta izan genuela. Baina, iritsia zen ordua, afaritik soberan geratutako ardoa eskuetan hartu, eta gora, lehen solairura, kimatutako adar mordo batekin dekoratutako oihan-eszenatokira. Hantxe, tximino basatien erasoaren zain, eta egia esateko, neu, behintzat, lasaiegi, ekin genion emanaldiari. Eta hasiean, lehen hiru kantutan, hori hanka-sartze festa (neurea). Kezkatu ere kezkatu nintzen, baina lortu nuen nire bururekin gehiegi haserretu gabe gauzak bere onera ekartzea. "Zentratu hadi dedio..." errepikatu, eta laugarren kantutik aurrera, gozamena. Benetan. Tartean soka bat hautsi zitzaidan/nuen (emozioaren eragina) eta Beñardok, bikain, kantu lehiaketa jarri zuen martxan neuk soka aldatzen eman nituen 5 mintutan zehar, inor aspertu ez zedin. Ondorio garbi bat utzi zigun lehiaketak, Itziarren REM ezagutzen dute, baina Mak ez... (kar, kar, kar). Hau showman parea Beñardo eta biok!

Bitxia da, sokaren geldialdiak zentratzen lagundu ninduela uste dut. Handik aurrera, kantua, kantuaren atzetik, hitza hitzaren atzetik... iritsi zen amaitzeko tenorea. Eta ohikoa denez, nekea, eta jaso beharra, eta oso polita, antolatzaile koadrilarekin azken garagardoa, irribarre handi batekin etxeko bidea hartu baino lehen. Mila esker guztioi, bereziki Iboni, zein gertu egon zaitezkeen etxetik, baita, tartean autopista kilometro dezente daudenean ere.

Entzun eta jaitsi

Emanaldiak

Arraina

Jaitsi osoa (mp3)

arraina2

Jaitsi osoa (wawe)

arraina3




Iruzkin 1 dago

Arantza

2015-08-20 | Itziarko emanaldia plazer ikaragarria izan zen, eta hurrengo batean ere besoak zabalik izango gaituzue. Sekula bizi izan dudan tangorik zoragarriena...

Zure iruzkina egin







Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons