Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Basoak eta afari-meriendak


data2015-07-29data  Baso eta afari-meriendak, horiexek ari dira gertatzen gure emanaldien esparrurik maiteenak azken aldian. Agur dieta agur! Horiek, eta zorionez, bide errazenetatik kanpo musika-zaletasuna zabaltzen diharduten jaialdiak. Jendearen askoren egoskorkeriari, eta muxu-trukeko lanari esker eusten dutenak. Harrituta nago, jo dugu Kalegorrian jaialdian, jo dugu Lekuek festibalean, eta joan den larunbatean jo genuen Usopop jaialdian... Zer gehiago eskatu? Euskal-indiaren zirkuitoetan ere, leku bat egin dute gure arrainek. Bizarra uzteko zorian nagoela aitortzen dut, Beñardok dagoeneko luzatzen utzi du frekiloa.

Iritsi ginen Sarara, ikusi genuen lekua, ikusi genuen jendea, sumatzen hasi ginen giroaren lasaitasun eta gozotasuna, eta konturatu ginen, herriaren gaineko aldean, plaza eta frontoia igaro, eta gaztetxe ondoan dagoen basotxo hura bezalakoak direla jotzeko topa daitezkeen leku eta egokiera onenetakoak, gu bezalakoentzat. Gauzak erraz, gustuz eta maitekiro egiten dira horrelakoetan, edo horretan saiatu ginen eta esango nuke Joanesen irribarrea ikusita lortu genuela.

Zuhaitz erraldoi pare baten azpian jarri genituen trastoak, aurrean mahai luze batzuk janariz eta edariz beteak, eta hogeitamarren bat lagun mahaien inguruan zutik, haurrak tartean jolasean, eta gu kantari hasteko, Berako armada rockeroaren zain, Zugarramurdiko lagunak han ziren, baita Joseba eta Agurtzane, Aguxtin etorria zen Heletatik... Iritsi ziren Joseba, Mikel..., eta hantxe hasi ginen. Zer iruditzen zaizue, gu jotzen eta jendea jan eta edan, lasai, ez dago arriskurik geu anemiak jotzeko. Baina kantatzen ari ginela, badaezpada ere (burges ttipien konfiantza falta) gogoratu behar izan nien, zerbait uzteko geuk bukatutakoan mokaduren bat egin ahal izateko.

Ohikoa baino laburragoa gertatu zen emanaldia, ondoren Goliathek kantatu behar baitzuen. Beraz, profesional-profesional, ordubete eginda agur esan genien, bisa eskatu ziguten eta Super Euskaldunaren bertsio egokitua (Super Nafartarra) egin genuen. Amaiera ezin hobea Goliathen sarrera egiteko.



Iluntzearekin batera hasi zuen emanaldia une honetan euskaraz ari den bakarlaririk "pertsonaletako" batek. Musikak super-heroi bilakatzen du Dabid, eta ongi transmititzen du bere barne mundu harrigarri samarra. Loopak erabiltzen ditu, gitarra eta pianoa jotzen ditu, bi mikroekin aritzen da, aurretik grabatutako audioak erabiltzen ditu... Hiperaktibo samarra da Goliath eta ikuskizuna ere halakoa da, baina zaila iruditzen zait, bakarrik egonda, hainbat gauza kontrolatu eta egiten ari zarenaz disfrutatzea, neuk behintzat ezingo nuke. Dena dela, ikuskizun ederra eman zigun ilunak erabat hartutako zuhaiztian.

Ze zintzoak diren iparraldeko antolatzaile hauek! Afaria gorde ziguten, paztiza ere bazen... Eta horrela aldatu ziren rolak, orain, Beñardo eta biok ginen ahoa beteta musika entzuten ari ginenak. Ederki, ez dago musika onarekin afaltzea bezalakorik. Ah bai, behin bukatutakoan bost lagun aritzea ekipoa jasotzen... Berako hauek oso iaioak dira horrelakoetan, eta nabarmena da, azkar eta ari jaso genuen guztien artean. Beraz tartetxo bat eduki genuen bertakoekin egoteko, eta irribarre handi bat zuen Joanesekin apur batean egoteko. Horrelaxe hartu genuen berriro Lizuniagarako bidea, gau ederra egiten zuen, fresko eta lasaia.

Entzun eta jaitsi

Emanaldiak

Arraina

Jaitsi osoa (mp3)

arraina2

Jaitsi osoa (wawe)

arraina3




Zure iruzkina egin







Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons