Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Udako gau magikoak Santa Barbaran


data2015-06-30data  Ez zegoen Otis Reding Santa Barbarako aterpe aurrean gure zain. Ruper eta Mugalariak probak burutzen bai, familia batzuk afari-meriendarako han hemenka, basotxoan, zabaldutako zurezko mahai handiak hartu, eta azpiegiturak prestatzen. Hemen eta han, haritzen artean sakabanatuta. Eguraldi bikainaren seinaleak ziren. Eguzkia lotsagabe, klorofila gainezka, rockero itxurako gazte taldetxo bat aterpe aurrean eserita, garagardoak edaten, eta denari ukitu Fellinianoa ematen zion edadeko pailazo bat, puxikekin abere luzeskak egiten, bigarren mailako gaztelu-puzgarrien artean, han, basotxo erdian.

Taula baxu bat, "oholtzak zenbat eta baxuago hobe" da gure erlijioaren izena, berdez forratuta, inguru ikusgarrian labankada estetikorik ez gertatzeko. Kalegorrian jaialdiaren antolatzailek detaileak zaintzeko duten seta estimagarri hori sumatzen zen. Gorka hurbildu zitzaigun, eta Ruperrek probak bukatu bitartean, denbora hartu genuen gauza garrantzitsuetarako; plana egin, probak, afariak, etab... Gorkaren pozarekin kutsatu ginen (eguraldiak oparitutako aukera hori aprobetxatu beharra zegoen), eta batez ere, Beñardo eta bioi dagokigunez, taberna berri bat ezagutzerakoan egin beharreko proba ezinbestekoa egin genuen: urteko ardo beltza eskatu genuen. Ardo txukuna zen, El Vilarrekoa, palote askorik gabekoa, seinale guztiak gure alde. Ez zegoen zalantzarik arrats/gau berezia izango zen. Bertaratuko ziren guztientzat, baina bereziki, guretzat.



Gauzek, gainera, hobera egin zuten taulara igo eta paisaia, munduaren beste alde horretatik begiztatuta, Peio ikusi genuenean tekniko lanetan. Buuuah... ezerk ezin hobeto gertatu. Beno bai, minutuak aurrera joan ahala, gero eta handiagoa zen balizko entzuleen kopurua, nabarmen igotzen ari zena, denborak aurrera egin ahala. Horrela iritsi ziren 20:00ak eta, horrela ekin genion emanaldiari. Jada lagun kopuru majo bat aurrean genuen eserita, adi eta arretarekin, ez ziren munduko publikorik beroena, baina geu ere ez ginen modu txukuneean hasi: "Kaixo Morau eta Beñardo gara, eta hauek dira gure maliziarik gabeko pop kantuak" eta segidan gitarra martxan, horrela hasi ohi ditugu emanaldiak. Baina hori ez da oso eraginkorra gertatzen bi gitarrak ez badaude tono berean. Horrelaxe hasi genuen emanaldia, gitarra kolpe bakarra, akatsaz ohartu, eta gelditu... Egoa kontsolatzeko txaloak eskatu genituen, eta bigarrenean bai: "Kaixo, Morau ta Beñardo..." sarrera errepikatu, eta azkenean, egoki egin genuen.

Ez naiz hanka-sartze hauek oso modu tragikoan aztertzeko zalea. Ez da gertatuko zaigun lehena, ezta azkena ere. Ez dela oso profesionala? Bada, Morau eta Beñardo amateurrak izaten jarraitzen dugu, ez digu axolarik. Lastima beti horrelako egokieretan gertatzea (poz berezia, beraz urduritasun berezia, eragiten diguten emanaldietan. Eta sarreran bertan gertatzea... bada marka! Moralari eutsi behar, eta horretan espezialista garenez, larritu beharrean, kontzentratu eta hasi disfrutatzen... Ez dago besterik. Ah bai, entsegu gehiago egitea, baina horretarako ere denbora behar... Musikari amateurren "yin eta jana". Beno, une txar eta lotsagarri samar hori gaindituta, aurrera. Ez gara munduko musikaririk teknikoenak izango, baina taula gainean gehien disfrutatzen dutenekoak izan nahi dugu.




Jaitsi ginen eszenatokitik, Nagore lanean jarri genuen diskoak saltzen, Motzeko nagusiarekin, Gaizkarekin izan ginen, eta Ruper kantari hastekotan zela, afaltzen hasi ginen. Afari, azkarra, lasterra, ez gaizki eman zigutelako, Nagorek eta Beñardok ez zidatelako lasai afaltzen utzi baizik. Ruperren kantuak entzuten ari ginen, eta sabela bertan bazuten ere, burua kanpoan zeukaten. Hamabostean behinen bertsio "mejoratua" egin zutenean, gehiago jasan ez eta izozki bat eskuan, kanpora atera ginen, azkenean, eta horrela Oñatikoaren emanaldi erdia edo gehiago pulamentuz entzun ahal izateko. Gau giro ederra zen kanpoan, eta 300 bat lagun edo adi-adi entzuten. Fokoen kolore bizietako argiak, txinparta magikoak, zuhaitz erraldoien lurraldea, eta Ruper klasikoak egiten, konpainia ederrean, zer gehiago eskatu, une batez bederen, munduari?





Jendea galanki beroru zuten Ruper eta Mugalariek, poliki-poliki, gora behera handirik gabe, espanturik gabe, azalpen gehiegirik gabe, erakustaldi teknikorik gabe... Diesel talde bat da. Sendoa, borobila, fidagarria, iraunkorra. Bi bis eta hori txalo zaparradak... Behar den moduan, giroa bere gorenean zegoenean esan zuten agur. Gogoan gordetzeko emanaldi horietako bat. Eta geuk, gure fans-sena askatu eta selfieak egiten Ruperrekin, Gorkarekin, Harkaitz Minerrekin, Gaizkarekin... Ez genien esan sinadura egiteko kamixetan, baina gutxi falta izan zitzaigun horretarako.

Jendea joan, teknikoak lanean jarraitu (iristen diren lehenak eta joaten diren azkenak) eta geuk ere, goian 30 lagun baino geratzen ez ginenean, ospa egin, baina ezin zuen izan beste modu batean, Motzera joateko, eta han lardaskeritan aritzeko, poliki-poliki, goitik behera zetozten lagunekin. Eta han, udazkenean Motzera itzultzeko planak egiten hasi ginen, Gaizkak txistu egin eta han agertuko baikara segituan. Furgona hartu eta etxera itzuli ginen Nagore eta hirurok, eta ez nuen lortu Beñardon konbentzitzerik Hernaniko jaietako azken egunean parrandatxua egiteko. Bezperan egina izaki... Ez, ez genuen Otis Redding ikusi Santa Barbaran, baina gutxi falta izan zitzaigun. (Argazkiak: Gorka Erostarbe eta Nagore lozano)

Entzun eta jaitsi

Emanaldiak

Arraina

Jaitsi osoa (mp3)

arraina2

Jaitsi osoa (wawe)

arraina3




Zure iruzkina egin







Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons