Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Ilargi betea eta Ruper Irazusta zineman


data2015-06-26data  Larunbatekoa ez da lehen aldia Ruperrekin jotzen dudana. Ezta gutxiagorik ere. Nahiz eta lehenengoaz oroitzeko 1981erainoko bidea egin behar. Beno, berotzen hasteko Hautsi Da Anphora diskoa jarriko dut idazten dudan bitartean, ea horrek oroimenen joan etorria errazten duen.

Bai, urte batzuk igaro dira. Harri eta lagunek, beti euskal kulturaren lehen lerroan, Ruper Ordorika ekarri zuten haren lehen diskoa aurkeztera, Hernanin garai hartan zegoen bi zinemetako batera, Irazusta zinemara, hain zuzen ere. Handik gutxira, itxi zuten betirako. Beno, ordurako, filmak jarri beharrean, soilik horrelako emanaldi/kantaldi/mitin/ekitaldetarako baino ez zen erabiltzen, bi solairutako lokal luzeska. Handik bizpahiru urtera eraikin osoa bota eta garai hartan luxuzkoak gertatu ziren pisoak eraiki zituzten.

Garai hartan folk-punk talde bat genuen Crapulam Dormirae izenekoa. Sex Pistols eta The Chiefftains uztartzen saiatzen ginen, eta guztira dozena bat emanaldi egin genituela uste dut. Hemen datu gehiago. Ez ginen oso onak, neu behintzat ez, baina primeran pasatzen genuen. Errezeta oso erraza zen; porroak eta absenta. Gisa horretara ibiltzen ginela iritsi zitzaigun Ruperren telonero izateko aukera. Taldearen unerik gailenetakoa. Ordurako, aitortzen dut, kasik buruz nekizkien Esparta Liliputh, Kalatxoriena edo Bertso Berriak. Oraintxe ohartzen ari naiz, nere barnerako "nik ere maite haut..." kantatzen ari naizela, diskoa oraindik fresko-fresko entzuten dela.

Erronka latza zen, beraz, guretzat. Ez zen, ordea, larunbat gau hartako keza bakarra. Lehen aldia zen Hernanin horrelako baldintzetan jotzen genuena, antzoki batean, alegia. Ilargi beteko gaua zen, eta baganekien, gure familien erdiak hantxe egongo zirela. Lagunak hantxe edukiko genituela begira... Ez dago etxea jotzea bezalakorik kirioak dantzan jartzeko. Horregatik, afaldu beharrean, porro batzuk erretzera joan ginen ilargia ongi ikusten zen lekuren batera. Txantxilako futbol-zelai zaharraren ondora, alegia. Eta horrela, balizko lasaiatasun "begetalak" jota, jaitsi ginen emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zinemara.

Ez dut gogoan zein aurpegi jarri zuen Ruperren teknikariak gure probetan aritu zenean. Bibolina, gitarra, baxua, bongoak, goilarak, saxoa, klarinetea... Hura saltsa gurea. Gainera, tresna nahasketa bitxiaz gain, kantu eta kantu artean tresnak elkar trukatu egiten genituen Orain neuk gitarra gero Pepek, gero Putrek bongoak eta ondoren neuk... Horrela, esandakoa, soinu-teknikariak erotzeko makina den folk talde "nobatoa" ginen.



Ez dut oso gogoan Ruperrekin asko hitz egin genuen, ez dut uste, badakit haren hasierako taldea zela, eta gogoan ditut Josu Zabala eta Bixente Martinez, imaginatzen dut Angel Celada ere han ibiliko zela. Baina, egia esateko ez dut oroimen oso zehatzik emanaldiaren aurrekoez. Ilargia, porroak eta lotsa, ah eta zinemaren kantinan prestatu zizkiguten tila infusioak. Orduan tabernak zeuden zinema-aretoetan, nahasketa ezin hobea memoria-desastre baterako. Badakit, tabernaria lur eta zur utzi genuela sei edalontzi ur bero eskatu genizkionean, tila sobreak geuk etxetik eraman genituela-eta. Badakit ere hankek irristara egin zidatela, eszenatokian lerroan zeuden sei aulkietako batean eseri, eta zinema erdiraino edo, betetzen zuen entzuleria ikusi nuenean. Aiba, hantxe zeuden guztiak, ezagunak gehienak, Peperen ama tartean. "Hau serioa duk motel" ene baitarako. Zer ikusirik ez Mandiopeko Euskal Musika 80 lehiaketan parte hartzeko Itziarrera kostako trenean joan ginenekoarekin, gero bueltarako nola moldatuko ginen jakin gabe. Han ez gintuzten ezagutzen, beraz, ze arraio. Baina Irazusta zineman jotzea etxeko atarian gantzontzilotan jarrita musika egitea bezalakoa zen.

Tilaren efektuek ihes, urduritasunak goia jo, eta musika egiten hasi. Eta, jakina, etxekoak eskuzabalak direnez, txalo zaparrada. Eta kantutik kantura gure eszenatokiko dantzat hasi zenean, barre ugari ere bai. Kasik Flavioren bibolinaren gainean eseri nintzenean, edo Peperi gitarra lekuz mugitu eta haren bila hasi zenean eszenatokian. Ez dakit emanaldia hiru ordu laurdenekoa izan bazen, jendeak barrez eman zuen ordu erdi bat, gutxienez. Orduan konturatu nintzen gure "humorista senaz". Hori da emanaldiaz oroimenean dudan argazkia, jendea barrez lehertzen. Hainbesteko giroa zegoen, Ruperrek emanaldia hasteko aipamena egin ziola ilargiari eta gure humoreari. Ondorengoa lausotuagoa dut gogoan, urduritasunak lehertu, Ruperren kantu geldoekin goxatu, eta bukatutakoan garagardoa hartzera, orduan Hernanin musika jartzen zuen bi "pubetako" batera. Edo bietara, agian. Horrelako emanaldiak merezi zuen-eta ospakizuna.

Handik urte batzutara, behin baino gehiagotan suertatu nintzen Ruperrekin. Bere fans handia naizela aitortzen dut, eta arreta handiz jarraitu dudala haren ibilbidea. Jo ordea, berriro, elkarrekin inoiz ez. Santa Barbarakoa (Hernanin ere badugu bat) izango da Morau izenarekin ttxartela partekatzen dugun lehena. Josu Zabalarekin ere, handik aurrera batzuetan suertatu nintzen. Eta, halako batean, 20 urteren ondoren, erabat harritu ninduen Hernaniko jaialda harekin, eta batez ere, aurretik jo zuen talde "katxondoarekin" zein ongi gogoratzen zen ikusita. Berak halaxe laburtu zuen 1981eko gau hartakoa; "eszenatokian hamaika aldiz mugituta ere, hamaika tresna, hamaika eskuetatik pasata ere, soinua, beti zen soinu bera. Ezin sinetsi, mirari moduko bat zen hura".



Zure iruzkina egin







Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons