Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Berriak

Zure tabernako giroa alaitzeko formulak


Agus tipo fina da, baita guri sosa emateko sobreak aukeratzeko garaian, ere.

data2015-06-06data  Ez galdetu zergatik gustatzen zaizkigun tabernak, baita tabernari batzuk ere. Hain pertsonalak dira kontu horiek! Baina zein gutxitan gertatzen den biak maitatzea batera, bai lekua eta baita nagusia ere. Bada, hori da Rekalde eta Agusen adibidea, Donostia inguruan bi ezaugarri horiek betetzen dituen kasu bakanetakoa (gure uste apalean). Alde zaharreko azken taberna "naturala" (Paco Buenorekin batera). Hiriburuko leihorik politena du alde handiagatik, irekia da, altua, argitsua, sukaldea bistan duen Donostiako azkenetakoa. Beroa, goxoa, txartelez jositako hormak eta karta lau hizkuntzetan.

Agus, berriz, eskuzabala, langilea, tipo prestua, hain eskuzabala, taberna okupatu geniola orain urtebete diskorako argazkiak ateratzeko. Larunbata arratsalde eguzkitsua zen. Hain prestua, bertan kontzertua ematea proposatu eta baiezkoa eman zigula, inongo baldintzarik gabe. Esan eta..., gauzak ez dira hain errazak. Arazo txiki-txiki bat zegoen, kontu nimino bat, taberna zaharra denez, ez du insonorizaziorik, ez du baimenik horrelako emanaldiak egiteko. Are gehiago, arazo nahiko latzak eduki ditu Agusek horrelakoren bat antolatu izan duenean, tabernaren lizentzia kolokan jartzeraino. Ondorioak, argi daude, baimen berezia eskatu behar izan zuen udaletxean gu tabernara ekarri ahal izateko. Hori ez bada maitasuna (kar, kar, kar).

Burokrazia nolakoa den kontuan hartuta (baita Bilduk agintzen duenean ere), atzo kontzertua egin izanak agerian uzten du, Agus batez ere tipo saiatua eta tematia dela. Makina bidaia egin behar izan ditu atzokoaren baimena lortzeko, makina telefono dei, makina hitz gozo baina ekimen gutxi, makina bihar etorri! Ez ez da batere erraza izan. Apirilan egindako lehen saiakera hutsalaren ondoren, tramiteak egin arren ez zuen erantzunik lortu, emanaldia ekainera atzeratu eta berriro saiatzea erabaki genuen. Udaletxetako kontuak nola moldatzen diren jakinda, itxaropena nahiko galdua genuenean, bigarrenean ere lortuko ez genuela sinetsita hasik ginen.

Filmetan bezala, ustekabean, goiz argitsu batean iritsi zen Agusen deia. Baietz, baimen berezia lortua genuela ALELUIA! (penaltien tartean iritsitako baimena, guztia esan beharra badago). Pozez lehertzear, di-da batean antolatu genuen guztia. Azkenenean jo behar genuen Donostiako taberna batean, non eta Rekalden, nola, eta norbaitek gugatik halako lanak hartuta. Osagai guztiak emanaldia hunkigarria gertatzeko.



Deskargatu ondoren furgona parkinean sartzeko hiru buelta eman nizkion zentroari (Donostian bizikletan edo autobusetan ibiltzen naiz beti). Eskerrak konturatu nintzen, deskargatu arren gitarrak furgonan utziak genituela, eta halanola, hiru gitarran eta motxila bat soinean hartuta, gizon orkestra baten sherparen itxurarekin, atera nintzen bulebar erdira, hori piura nirea, eta itzuli nintzen tabernara.

Hasi zen jendea etortzen, eta lagunen zerrenda handitzen joan zen. Txuri, Beñat, Xabier, Alberto, Edu, Leire... Beno, falta zena, lekua eta egoeraz gain, publikoa ere kategoriakoa!! Ez zen falta familiaren ordezkaritza zabala. Argi dago, zertarako Kursala edo Victoria Eugenia, Rekalde edukita.

Emanaldiaz zer kontatu, bada nabaritu zela hilabete eskasean egiten genuen bosgarren emanaldia zela. Lasai baina adi aritu ginen, abiadura egokian intentsitatea nahiko ongi neurtuz. Beñardo gero eta soltura gehiago hartzen ari da kantuak aurkezteko garaian, Neuk gutxixeago hitz egiten dut (izugarri kostatzen zaidan arren), eta jendearen barreak bereziki ozenak izan ziren Zabortegi Intergalaktikoa kantuarekin. Harritu ninduen, taberna izateko jendeak agertu zuen errespetua. Gazte mordoxka zegoen, entzuleen bataz besteko adina ohikoa ez den neurri batera jaitsiz, eta jendeak gustura egin zuen txalo, ia bi orduz luzatu zen emanaldian zehar.

Zer gehiago eskatu... ah bai! Xirimiria egin zuen, hiriak berak, bere alderik bikainena erakutsiz, emanaldian bere apurra jarri nahiko balu bezala.

(Postdata: Leire, bai gure Leire, berandu etorri eta emanaldia bukatu baino lehen joan zen, baina nola ez, barkatzen diogu. Ah! Eta Ezinezko Amodiak kantuaren gaineko pasadizo xelebre bat kontatu zidaten, baina hori beste baterako utziko dut).

Entzun eta jaitsi

Emanaldiak

Arraina

Jaitsi osoa (mp3)

arraina2

Jaitsi osoa (wawe)

arraina3




Iruzkin 1 dago

axeridantza

2015-06-08 | Ear-earra izandu zan!!!! Hurrengoako zain gaude jada!!! Fenomeno batzuk zeate Morau ta Beñardo!!!! Zuek etxeako

Zure iruzkina egin







Erabiltzailea bere iruzkinen arduradun bakarra da.

Arrainentzako Himnoak-ek haiek ezabatzeko eskubidea du.

Eremu guztiak nahitaezkoak dira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons