Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 9. kapitulua

bio9a


Morau eta Ubedatarrak Soraluzen

Kontua Bermeon burutu zen, intsumiso egun batean hasi zela uste dut. Zazpi Eskaleren aurretik jo nuen, eta emanaldia bukatutakoan tipo bizardun bat hurbildu zitzaidan, Xarra zela esan zidan, Susako lagunen bidez neuk banuen haren entzuna, zuzenean ez ezagutu arren, eta ea asmorik banuen diskorik argitaratzeko galdetu zidan. Ahoa bete hortz utzi ninduen eta tartetxo labur batean hitz egiten egon ondoren eta telefono dei baten promesarekin agurtu ginen.

Handik egun batzuetara gertatu zen dei horrek eraman ninduen lehen aldiz Gaztelupe tabernara jotzera. Bizitza musikalean gertatu zaidan unerik pozgarrienetakoa, Gaztelupe taberna eta, batez ere, bertakoak ezagutzea; Xarra, Ubane, Arantxa, Txomin, Etxi, Esosi, Kristina... Jazz eta bluesaren zaletasunak biltzen zituen talde hetereogeneo eta parrandazalea. Kantatzera ez gindoazenean (Hernanirekin eta Alegiarekin batera, Soraluze da Morauren emanaldi gehien jaso dituen herria), besteen emanaldiak ikustera joaten ginen, edota musika jartzera, edota plan eroren bat bururatu eta kaskoak elkar berotzera. Halaxe izan ohi zen barraren alde baten eta bestearen arteko muga oso lausoa zen taberna txiki haren martxa, geu joaten ginenean behintzat. Hori etxekalte koadrila, eskerrak Ubanek bazuen hura aurrera ateratzeko adorea! Horrela ontzen joan ginen lehen diskoaren egitasmoa. Orduan, Gaztelupeko Hotsak Ñaco Goñi harmonika jotzaile "bizarroaren" lehen diskoa kaleratzeko sortutako elkarlana zen. Gure diskoa gertatu zen, gero izugarri luzatu zen zerrendan bigarrena egingo zuena.

bio9bGure diskoa ontzeko, berriz, lehenik eta behin sozio musikalak behar. Ubedatarren saga eskuzabaletik pixka bat gehiago tira eta orduan Deabruak Teilatuetan jotzen zuten Joni Ubeda eta Iñigo Arrutirekin hasi ginen Joxi eta biok kantuak prestatzen. Horretaz gain, diskoan, hirugarren Ubedatar batek hartu zuen parte, Imak, alegia. Eta gainera, Baxik, laugarren Ubedatarrak, azaleko argazkia egin zuen. Gauzak borobiltzeko, Deabruak Teilatuetan taldekoek Tolosan zuten lokalean entsaiatzen genuen, haien furgonetarekin joaten ginen emanaldietara. Horrelaxe aritu ginen hilabete batzuetan.

Xarrarekin musikaz, komikiez, politikaz eta bestelako kontu "mundanoez" aritzen ginen goizaldera arte luzatzen ziren saioetan eta bien bitartean diskoa ezerezetik aurrera zihoan proiektua bihurtu zen. Katarainen estudioetan grabatu genuen Malloen azpian, Azkaraten, asteburuetan, astean zehar DUT bigarren diskoa grabatzen ari zelako. Ostiral arratsaldean joan eta hantxe geratzen ginen igande arratsaldera arte, elkartasun ederrean, musikariak, diskoetxekoak, bertaratzen zen edonor... bapo elikatu ginen eta, neuk behintzat, lehen kontaktua eduki nuen estudio eta tekniko profesionalekin. Katarainen "correcto"-en artean.

Diskoa, berriz, musikalki ez da beste munduko ezer, ziurrenik ekoizle egokiak kantu haiei askoz ere etekin handiagoa aterako zien, guztion esperientzia falta nabaritzen da lehen kantutik azkenera. Baina, batez ere, neuri falta zitzaidan diskoaren ikuspegi "globala" eta hori falta denean errazagoa da bide "estandarretara" jotzea, gauzak modu pertsonalago edo ausartagoan egitea baino. Kantu horiek, gaur egun beste aldarte bat edukiko lukete, egon ziur horretaz. Baina horretarako asmatu zituen jaungoikoren batek lehen diskoak.

bio9cZerbait birbaieztatu nuen diskoa "Morau" (Gaztelupeko Hotsak, 1996), kostata baino Durangoko liburu azokan aurkeztu genuenean beste ehunka erreferentzien artean, oso zaila zela leku bat egitea euskal musikagintzaren alorrean. Are gehiago ez bazenuen aitaponteko jakinen "bultzada" jasotzen. Ez zitzaidan inporta, nahi nuen jendearekin nengoen nahi nuen lekuan, artista, oraindik, inkonsziente samarra eta musikaren negozioan bihotza aurretik jartzen duen jendea, bi erreferentziekin jantzitako postuan. Jendea aurretik pasatzen ikusten genuela konturatzen hasi ginen, batez ere, Xarra eta Ubane, ze ahalegin eskatuko zigun norbaitek seriotan har gintzan. Nork imajinatu orduan, Gaztelupeko Hotsak erreferentziako diskoetxea bihurtuko zela handik urte gutxitara; Bide Ertzean, Petti, Mikel Urdangarin... Orduan Gipuzkoako zoko batetik zetozen amateur maitagarriak baino ez ziren, arrotzak, azkenaldian, gauzak bere tamainara ekarritako diskoetxe, banatzaile eta komunikabideentzat.

Nahikoa adina banuen, bada, noren esanak hartu behar nituen kontuan jakiteko! Garai hartan egindako gehiena bezala borondate on askorekin, baina eskarmentu gutxiegirekin egindakoa da; bai diskoa, bai hura saltzeko "estrategia", bai Morau eta haren musika ezagutzera emateko egindakoak. Euskal industria musikala existitzen zen, inondik inora ere, klub itxi bat zen eta haren joko arauak ez zizkizuten eskuliburu batean azokaren atarian banatzen. Erorita ikasten bada oinez neuk dagoeneko hegan egiten ere jakin beharko nukeen! Baina ez, Gaztelupekoek, ordea, ederki ikasi zuten.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons