Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 8. kapitulua

bio8a


Non saltzen dute eskarmentua?

Ordurako, patuak, berriro, bakarkako ibilbide musikalaren gaineko hainbat seinale igorri zizkidan. Bat, gogoan dut Hernaniko Tilosetan, orduan bere ospearen puri-purian zegoen MIkel Markezekin burututako emanaldia. Ez zegoen jende askorik, eguraldi txarra egiten zuen. Mikelek ekin zion lehenago eta, bat-batean, Tilosetako kioskoaren ingurua neskatxa gaztez bete zen, ehunen bat izango ziren, euriari aurre eginez agertokiaren inguruan pilatzen zirenak. Mikelek bukatu, neu hasi eta neskak agertu bezala desagertu ziren, haien lekua, kioskotik 50 metrora zeuden 30 bat lagunek hartu zuten, garagardoa eskuetan eta, haien moduan, animoak emanez, hitz monosilabiko, oihu, txistu, esaldi labur eta komentario barregarriak eginez. Hori zen nire publiko naturala. Argi ikusi nuen.

Bigarren seinale multzoarekin, azkar batean jabetu nintzen ez nintzela aberastuko. Nolabait laburtze arren; alde batera uzten baditugu telefonoz deitu eta kausaren baten inguruko emanaldia zela argudiatuz, dirurik ez daukagu gaineratzen zuten guztiek. Aberasteko asmotan emanaldia antolatu eta pentsatu baino jende gutxiago etorri dela argudiatuz, hitz emandakoaren laurdena ordaintzen dizuten tabernariei kasurik egiten ez badiezu. Are gehiago, jaialdi berean zuri musutruk jotzeko eskatu eta segidako taldeari, haiek jendea ekartzen duten aitzakiarekin, katxet osoa ordaintzeko prest dauden antolatzaile azkarrei erreparatzen ez badiegu..., horiek ez baditugu kontuan hartzen, hala eta guztiz ere, ziurrenik, ez nintzateke aberatsa izango, baina horiek kontuan hartuta uler daiteke zergatik askotan irabazi ez dugun dirua gastatu behar izan dugun, noizbaiteko jaungoiko edo bestelako lider argiren batek, etorkizun urrun batean, aitortuko digun jubilazioaren esperoan. Gutxienez izen bat jarriko al diote Hernaniko kaleren bati nire izenarekin?

bio6bEz ligatu, ez aberastu eta, azkenik, ezta estatus berezi bat lortu ere euskal musikagintzaren inongo "familiatan". Lehen emanaldi haietan Montoia ikustera etortzen ziren askori bost axola zitzaien aurretik jotzen zuena. Ez nuen gehiago espero, euskal kulturaren ikono batekin ari zen tipo lotsagabe samar eta hasiberria baino ez nintzen. Gero konturatu nintzen agian xarma intelektuala falta zitzaidala eta hor zegoela gakoa. Umorea ez da sekula izan, musikan behintzat, jarraitzaile snobak lortzeko modurik hoberena. Eta jarraitzaile snob horiek gabe oso zaila da leku bat egitea musikari "kultuen" artean. Hobe jende serio, lehor eta dramatikoa. Badakizue, kantautore batek bere burua biluztu edota mundua aldatzen saiatu beharra dauka, edo bi gauzak batera, beste guztia ez da oso kontuan hartzekoa. Beti, berak izan behar du munduaren zilborra, bestela akabo. Izan daiteke, baita ere, nire kantuak ez izatea haien estimua merezi izateko bezain onak, baina, ulertuko duzuenez, nahiago dut hori ez pentsatu.

Dena dela, ez nuen askoz ere zorte gehiago izan beste euskal famili musikal nagusienarekin, iraultzaileekin, alegia. Ez neukan xarma intelektualik, baina ba al nuen nahiko interesik mundua aldatu nahi zuten euskal gazte eta ez hain gazte sutsuentzat? Uste dut ezetz, eslogan onak egiten dakidala uste dut, lelo egokiak, gaiak ere "punta- puntakoak", baina bi kantuen leloez gain ez dut lortu taberna ertain bat noizean behin betetzeko moduko erakarpena baino. Hori bai, azenarioa entsalada batean bezala, askotan, ekitaldi, gertaera, ospakizunen batean nahitaez sartu beharreko osagai gisa sentitu naiz (bertsolariak, txalaparta... kantautoreak) eta horrek ez du gehienetan ziurtatu jasoko duzun tratua txukuna izan denik. Are gehiago, entsaladan inongo gusturik gabeko azenario puska horiek bezala, betiko letxuga eta tipulinaz gain kolore pixka bat emateko baino jartzen ez direnak, askotan ez duzu baldintzarik edukiko lan txukuna egiteko. Eta noski, guztia debalde. Azenarioa bere tamainan nahastuta eta mimo pixka batekin jarrita osagarri bikaina da, baita kantautoreak ere... baina beste kontu batzuk medio, behin baino gehiagotan entzun behar izan nuen hau ez da gure estiloa leloa... baina hori beste istorio bat da, txosnetako DJaren istorioa.

Beraz, ez snob eta ezta iraultzaile ere. Jaialdi handietako txarteletatik kanpo (horietan beti talde berek jotzen zuten), bestelako ekitaldietarako ezin hobea gertatu nintzen urte batzuetan, nahiz eta, zaila izan musikariaren larruan jartzeko gai zen antolatzailerik topatzea. Hauek ez dira damu hitzak, ezta gutxiagorik ere, gauza hauek gehienetan ez baitituzu egiten zure artista egoa hazi dadin. Badakit hau gaixotasun moduko bat gerta daitekeela musikari batentzat, baina, zer egingo diogu ba, urteen poderioz txertoren bat ala beste topatu badut ere, oraindik ez naiz sendatu. Eta telefonoak jotzen duenean etxean aukera asko daude, gasolina ere ordaintzen ez duten lekuren baterako bidea hartzera bultzatzen zaituen birusak erasatea Nekaneren etsipenerako.

Ondorioak oso garbi zeuden; manager bat behar nuen, baina zertarako? Eta, are gehiago, zeinek hartu nahiko luke Morau bere bizkar gainean? Orduan Soraluze herria geografikoki kokatu eta Gaztelupe taberna eta bertakoak ezagutu nituen.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons