Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 7. kapitulua

Montoia eta Morau

bio7a

Beno, nola edo hala, egin nuen jauzi eta bakarkako lehen emanaldia Irungo Xut Tabernan izan zen, Fermin Muguruzak ireki berria zuen Bertso Hop disko dendak antolatutako jaialdi batean. Nire lehen bakarkako emanaldia izateaz gain, lehen aldia izan zen Xabier Montoiarekin kantatzen nuela. Montoiak M-ak taldea desegin eta gero, bakarka hastea erabaki zuen, eta oker ez banago, Irungo hura izan zen, baita ere, haren lehen bakarkako emanaldia. Handik aurrera oso maiz errepikatu zen kartel hura, nolanahi ere, Montoia eta biona road movie bat bihurtu zen Euskal Herriko errepidetan zehar.

Bien bitartean, hau ere, Ferminen aholku bati jarraiki, zuzeneko maketa bat grabatzea erabaki genuen. Astigarragako Zipotza elkartean egin genuen. Putrek ekipoa jarri zuen eta grabaketaz arduratu zen, Jone eta lagunek afaria prestatu zuten. Maixa eta Izaskunek lekua pixka bat dekoratu zuten, sare zahar batzuk medio. Hernaniko eta Astigarragako 75 bat lagun bildu ginen. Bapo afaldu ondoren, oso aproposa da ezer baino lehen entzuleen sabela goxatzea, kantatzeari ekin nion parrandarako ezin hobea gertatu zen lagunartean. Azkenean, ia bi orduz luzatu zen emanaldia burutu, osoa grabatu eta handik aukeraketa bat eginez "Baka Lau", bigarren maketa kaleratu genuen. 300 bat ale salduta, aurrekoak baino zabalkunde handiagoa, lortu genuen, nahiz eta kopiak banan-banan erditu behar izan EGIN irratiko estudioetan.

Maketa kontuez gain, azkar indartu zen Montoiarekiko elkarlan musikala. Baina road movie guztietan bezala, lehenik eta behin, ibilgailu bat behar dugu, Montoiaren volskwagen polo txuria (neuk gidatzeko baimena handik urte batzuetara atera nuen Montoiak, aldiz, Estatu Batuetan eskuratu zuen urte batzuk lehenago eta ez dakit badakizuen, baina hori ez da gertatzen gidari ona izatearen bermerik ziurrena. Film horietan bikote bat izaten da protagonista, ez da ezinbestekoa, baina eredu klasikoan bi izan ohi dira errepideetan barrena dabiltzanak, Montoia eta Morau, noski. Gainera, eta eredu klasikoari jarraituz, maisu eta dizipuluaren rolak ederki betetzen genituen. Harreman horretan, noski, neu nintzen fede oneko nobatoa. Adiskidetasun istorioa ere bagenuen, filma aurrera joan ahala sendotzen doana eta guztia biziagotzeko, ez ziren falta izan abenturak. Gure road movie honek, Lekeitiotik Elizondora eraman gintuen, Alegiatik Gasteizera, Iruñetik Ondarroara, bi urte eta erdian zehar. Sosik ez genuen irabazi, ederki pasatu genuen, gehienetan eta edozein lekutan jende jatorra topa dezakezula ikasi nuen, beti ere, haiek topatzeko ahalegin txikia eginez gero.

bio7bNiretzat ikastaro trinko baten modukoa izan zen. Montoiarengandik gauza asko ikasi bainituen, lehena eta garrantzitsuena hauxe; erreparoak agertokira igo baino lehenagoko kontuak direla, behin bertara igoz gero, aurrera egin beharra dagoela, edozein baldintza dela ere. Horrekin lotuta, hura kantatzen ikusita, konturatu nintzen, garrantzitsua dela oso egiten duzun horretan sinestea, hala egiten baduzu, gehiago disfrutatuko duzulako. Gainera, elkarrekin egindako hirugarren emanalditik aurrera, tabernetako entzuleriaren "krudeltasunaz" jabetzen hasita, jendea zeuk irabazi behar duzula agerian geratu zitzaidan, tabernetan musikaria dagoela lekuz kanpo, eta ez "bezero" zaratatsu hitzontzia. Azkenik, beste irakaspen garrantzitsu bat, hau bere hitzetan; "motel, aski dituk hiru akorde kantu on bat egiteko, zenbat eta akorde sinpleagoak, hobeto gainera".

Montoiarekin kantatzeak sekula imajinatuko ez nituen lekuetako ateak ireki zizkidan, jende oso interesgarria ezagutu nuen, izen propioa eskuratzen hasi nintzen, batez ere, orduan oso indartsu zegoen tabernetako zirkuituan, eta, gainera, autoz egin beharreko joan etorri haietan musika asko entzun genuen Montoia mokofinaren polo zaharraren kasetean. Ez zegoen modurik musika kontuetan hura ezustean harrapatzeko, neuk talde bat deskubritzen nuenerako hark dagoeneko haren diskografia guztia zuen, edota hura baino interesgarriagoa zen beste dozena bat izen aipatzen zizkidan errenkan. Alua, pentsatzen nuen nire baitan, nola egingo du gizon honek beti hain "in" egoteko? Montoiaren xarma.

bio7cEmanaldi batzuetan Javi Pez edukitzen zuen oholtza-lagun Montoiak, Pezek gitarra elektrikoa jo eta ahotsak jartzen zizkion. Emaitza ikusita, pentsatu nuen, planteamendu egokia izan zitekeela baita Moraurentzat ere. Kantautoreen mundutik musikalki urruti egon zitekeen gitarra jotzaile baten bila hasi nintzen eta ez nuen oso urruti joan behar izan. Utikan, garai hartan ohikoa zenez, jazz akademietatik ateratako musikariak, nahikoak eta gehiegi ezagutuak nituen ordurako, horregatik lagun nuen Joxi Ubedari (Tortura Sistematika, Bukaera, Anima Vili, Soraio...) luzatu nion proposamena. Metal Ekaitza irratsaioa egiten zuen Egin irratian, asko hitz egiten genuen musikaz eta ongi moldatzen ginen elkar gehiegi ezagutu gabe. Neuk deskubritu berria nuen Bob Mould eta bera Husker Du zale amorratua zen aspalditik. Asoziazio perfektua, gehienbat, Joxiren gustu eta sen musikala kontuan hartuta.

Hura bikotea, kantu eta kantu artean asko hitz egiten zuen kantautore folkia eta Marshall handi baten aurrean txima luzeak astintzen zituen hardcorezalea. Tipo bikaina, inondik inora, hiruzpalau urtez neu "jasateko" nahikoa adore eduki zuena.

Bien bitartean, Montoiak diskoa grabatzeko eskaintza jaso zuen, M-ak taldeko musikariak bildu eta haiekin jotzen hasi zen eta hor bukatu zen gure koalizio musikala. Berak euskal musikaren ohorezko mailara jauzi egin zuen eta neu bigarren mailan geratu nintzen. Hori bai, emanaldiak ez ziren falta, astero bat edo bi; tabernak, gaztetxeak, alde edo kontrako jaialdiak eta musutruk egin beharreko bestelako emanaldi guztiak. Beste kilometro mordoa egin genuen Joxi eta biok, batez ere, Gipuzkoan zehar, ez dakit nola ez ginen egin autopistan gaueko txandan lan egiten duten kobratzaileen adiskide.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons