Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 6. kapitulua

bio6a

Ez da hain erraza izen egokiak aurkitzea

Maketa grabatzearena prozesu luzea izan zen, oso luzea, oso-oso luzea, amaiezina munduari bere dohainaren berri emateko irrikan dagoenarentzat. Alde batetik, bitarteko teknikoen urritasuna eta, bestetik, esperientzia falta, erabateko desastrearen bi osagai nagusiak. Baina ez, pazientziaren kilometro zenbagailuari bi buelta eman eta noizbait maketa amaitu genuen. Laugarren pausoari heltzeko garaia iritsi zen, lehen zuzenekoa eman behar genuen.

La Bodega, Hernaniko Andrakalean dagoen taberna ospetsua da. Garai hartan sona handiko jaialdiak egiten zituzten, batzuk isilpean eta beste batzuk iragarrita. Bertako bezero fidelak ginenez, eta gainera nagusien lagun, haiekin hitz egin eta Morau ta Galipoten lehen emanaldia bertan ematea hitzartu genuen.

bio6bAhazten ez den gau horietakoa izateko bi gauza bakarrik ditut gogoan, izerdia eta bukatutakoan Aitorrek emandako aholkua: "mikrofonoari kantatu eta ez gitarrari". Familia handi bati dagokion familiarteko kantaldia izan zen eta, handik aurrera beste batzuetan bezala, giroa aparta. Mailaz igo berri den etxeko rugby taldeak etxean lehen partida jokatzen duenean bezala. Asko gustatu zitzaidan sentsazioa, oso inseguru sentitu nintzen arren, hantxe zeuden lagunak, familia, ezagunak guztiari txalo egin eta edozerrekin barre egiten. Ba al dakizue zenbat estimatzen den hori urduritasunak irentsi behar zaituela sumatzen duzunean? Hori ez zen, ordea, jaialdi guztietan gertatuko, ezta gutxiagorik ere!

Galipot taldeak oso ibilbide laburra eduki zuen, gau bakarrerako sortutako taldea gertatu zen. Pepek eta Iñakik Putre eta biok bakarrik utzi, neuk Labordetak bezala kantatzeari utzi behar niola erabaki eta zuzeneko gehiagoren bila abiatu. Baina noski, bien bitartean, beste bi lan genituen, musikari berriak topatu, eta jakina, niri zegokidanez, kantu berriak egiten jarraitu. Biak laster batean bideratu genituen. Musikariei dagokienez, Jon Rika hiperaktiboak hartu zuen baxua eta haren lagun Jon Yeregik gitarra elektrikoa. Kantu berriei zegokienez, erraza suertatzen zitzaidan oraindik kantuak egitea, eskerrak horri, zeren eta hurrengo urte eta erdia nahiko luzea gertatuko zitzaidan.

Garai hartan ikasi nuen alferrik aritzea dela lortutako emaitzak ez badu inondik inora egindako ahaleginaren antzik. Lau aldiz geratu behar baduzu, ordu beteko entsegua egiteko zenbat entsegu egin beharko dituzu zuzeneko emanaldi bat egoki prestatzeko? Horregatik, bi emanaldi baino ez genituen eman, eta, eskerrak horri, erabaki oso garrantzitsu bat hartu nuen, ondorengo ibilbidea erabat baldintzatuko zuena; kantuak bakarrik egiten nituen moduan zergatik ez zuzenekoak ere bakarrik eman? Ah, eta ahaztu baino lehen, beste gauza "inportantea"; lehen diskoekin bezala orain CDekin gertatzen hasi zitzaidan, alegia, CDak erosi eta ez neukanez non entzun irratian zintara pasatzen nituela entzun ahal izateko. Musikaren industria bihozgabe hori!

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons