Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 5. kapitulua

bio5

Modu asko daude kantautore izateko

Garai hartan hasi ziren berriro modan jartzen kantautoreak gurean, kasualitatea antza. 70ko hamarkadako betekada politikoaren ondoren, 80ko hamarkadan Kubatar kantariekin hartutako enpatxoa igarota, 90ekoan berriro bueltan. Bazirudien jendea hasia zela gitarra batera loturik bere barne mundua biluzten zuen jendea estimatzen. Ziurrenik bazuen loturarik garai bertsuan tabernez osatutako zirkuitu zabala sortu eta sendotzeak, 90eko hamarkadaren hasiera zen eta herri gehienetan bazegoen aldiro musika emanaldiak ematen zituen tabernaren bat. Baldintza ekonomikoak ez ziren oso onak, baina nahikoa gitarrarekin bakarrik mugitu behar baduzu. Dena dela, urte batzuk lehenagotik mendebalde osoan gertatzen ari zen fenomeno baten isla euskalduna zen; Chanson berritzailea Frantziar estatuan, Country alternatiboa AEBetan, folk-rock kantari ingeles berriak, espainiar estatuko kantautore gazteak... Uste dut, berriro ere, ez hain berandu oraingo honetan, martxan zebilen tren batera igo ginela musikari euskaldunak; Mikel Markez, Anari, Petti, Pottoka, Zigor Gazkez, Jon Bergaretxe, Xabier Montoia eta nola ez bada... Morau. Baina kapituluak erretzen ari naiz, utz dezagun horrela; garai egokiak ziren kantautore gisara hasteko.

Lehenik eta behin, proba enpiriko bat jarri nion ene buruari, gai izan behar nuen etxean nuen gitarra espainol eskasa eta liburuko poema bat hartuta kantu bat egin eta gustura geratzeko. Ez dakit zergatik, agian, Koldo Izagirreri behin entzundako poema horren inguruko erreferentziagatik, "Beraz Berdin Dio" poema aukeratu nuen eta hara non nire harridurarako bi ordutan kantua egina neukan. Alajaina, biba ni, pentsatu baino errazagoa duk motel, munduan inoiz idatzi den kanturik onena duk hau Andoni... badakizue horrelako euforia unetan gure buruari esaten dizkiogun gauzak. Beste kontu bat izan zen lehen aldiz Nekaneri jo nionean. Hantxe amaitu ziren nire poz guztiak; beno... ongi dago, bale ez hartu gaizki, baina ez al duzu pixka bat desafinatu? Gehiago jotzen duzunean hobeto aterako zaizu...

Lehen irakaspena estreinatu berria nuen kantautore "karreran"; gauza bat kantuak egitea da eta beste bat kantuak kantatzea, bi arte ezberdin dira. Horretaz gain, uste dut beste irakaspen baliotsua atera nuela esperientzia dezepzionagarri hartatik, ez da aski barruarekin entzutea gure burua, belarriekin entzun behar dugu, kanpotik, alegia. Proba gainditu nuen, hala eta guztiz ere, institutoko azterketen moduan, justu-justu, baina gainditu nuen. Hori bai, aitortzen dizuet, hasierako kantuetatik "Beraz berdin dio" dela, oraindik orain, zuzenean maiz jotzen dudan bakarretakoa. Gehien maite dudan ene kantuetako bat bilakatu da denborarekin eta kantautore batek garai hartan egin behar zuen lehen kantuaren "txantiloian" bete betean asmatzen duela uste dut, Bob Dylanekiko menpekotasuna barne.

Proba pasa eta bigarren urratsa, gitarra txukuna eskuratzea. Jotaren aholkua jarraituz Takamine bat erosi behar nuen. Baina Donostiako dendara joan baino lehen, bazegoen nahitaezko tramite txiki eta garrantzi gabeko bat; DIRUA LORTU BEHAR NUEN. Zertarako nahi nuen galdetu zidaten aurrezki kutxan mailegua eskatzera joan nintzenean. Ez dut gogoan zein aurpegi jarri zuen erdi familiakoa zen langile zintzo eta arduratsuak gitarra bat erosteko nahi nuela erantzun nionean. Eskerrak EGINetik jasotzen nuen "nomina" eskasa nahiko iruditu zitzaion banku gizon profesionalari. Mailegu harekin ez nuen instituzioaren egonkortasun ekonomikoa zalantzan jartzen...

Halaxe, esku batekin dirua jaso, beste batekin atea ireki, autobusa hartu eta Donostiara. Eguerdirako etxean nengoen berriro Takamine Jumbo eder batekin.

Ez dut batere oroitzapen txarrik ondorengo hilabeteez, buru belarri aritu nintzen kantuak egiten. Irratiak uzten zidan denbora gehiena horretan eman nuen poesia erabat baztertuta, praktikotasun kontua; lan gehiago zen poema bat idaztea kantu bat egitea baino. Kantu gorabeheratsuak dira, hasiberri zalantzati batenak, baina orokorrean handinahikeria moduko bat somatzen diet denboraren langatik ikusita. Deskubritu berri nuen "dohainarekin" jolasten ari nintzen mugak non zeuden oso ongi jakin gabe.

Kantu multzo bat neukanean, hurrengo pausoari ekin nion prezisio zientifikoz, musikari lagunei aurkeztu nizkien eta ea zerbait egiterik zegoen galdetu. Lagunak, lagunak dira, eta ondoren musikari, sosak edo maitasun kontuak tartean ez daudenean, behintzat. Maketa bat grabatzeko asmoa ontzen hasi nintzen Putrerekin batera. Haren etxean ensaiatzen genuen, berak, perkutsioak eta ahotsak, eta neu gitarra eta ahotsa. Hasi eta gutxira Pepe Otxandorena "konbentzitu" genuen eta harekin batera Iñaki Kantoi taldeko baxu jotzailea izandakoa. Horrela sortu genuen "Morau ta Galipot".

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons