Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 4. kapitulua

bio4

Billy Bragg eta Ruper pote bat hartzen

Halako batean tokadiskoa zuen ekipotxo bat eskuratu nuen. Ordurako erosiak nituen disko batzuk, non entzuna ez izan arren... (bizioak bizio!) eta lagunei eskatzen nien zintara pasatzeko, kasetean entzun ahal izateko. Horrekin batera, arrari kasu egitearen eraginez, musika zaletasuna metastasizatu egin zen eta hari irtenbidea emateko edo, irratian ere neure gauzatxoak egiten hasi behar. Orduantxe erditutako Hernaniko Molotoff irratian hasi ginen Ramon Erdozia laguna eta biok komikiaz eta musikaz aritzen zen "Korto Seltzakin" saioa egiten. Handik, urte parea igarota, jaio berria zen Egin Irratira eraman ninduen "militantzia musikal" hark. Sekula ez diot nahikoa eskertuko Ramoni Billy Braggen lehen diskoa, zinta grabatu batean, jakina, pasatu izana. Uste dut etxean dudala Basf markako zinta hura, nahiz eta, erabilpenaren poderioz soinu kalitatea izugarri jaitsi zaion, ez ziren garai hartako kasete hoberenak, baina bai merkeenetakoak. Ordurako estatu espainiarrean folk doinuak zabaltzen aitzindari izan zen Guinbarda diskoetxearen bidez deskubrituak genituen Jose Afonso, Pentangle, Barry Dransfield, John Renbourn, Bert Jansch, Sweenwy's Men... Mundu berri bat, nahiz eta haien diskoak 10 urteko atzerapenarekin gugana iristen hasi.

Egin irratian 6 urtez aritu nintzen eta era guztietako lanak egitea suertatu zitzaidan. Iritsi zen garai bat non bost saio ezberdin egin nituen astero, horietako hiru egunerokoak. Goizeko 7etan programazioa irekitzeko umorezko saio batekin hasi nintzen "Eginon", azken aldian Jota Nabarrorekin batera. Goizegi neuronak ongi funtzionatzeko. Handik urte betera edo "Itaka" bidaiak eta munduko musikak uztartzen zituen eguneroko magazinari ekin nion, sortutako guztien artean kutunena, bai niretzat, eta baita entzuleentzat ere. Poesia eta musika uztartzen zituen saio bat Itziarrekin, kultura magazin bat Inaxio Usarralderekin... eta beste hainbat. Asko ikasi nuen, indar guztia bertan inbertitu eta, kasik, ahitu arte iraun nuen. Ez nekien, irratia pena handiarekin, baina oso erreta utzi nuenean, handik urte betera malapartatutako epaile batek itxiko zuenik. Baina hori beste istorio bat da.

Bien bitartean, prentsa idatzian ere nire ahalegintxoak egiten hasi nintzen musika kritikaren alorrean. Lehenik eta behin EGIN egunkaria astero kaleratzen hasi zen aparteko gehigarrian eta ondoren, jende askoren ahaleginarekin, azkenean, martxan jarritako Euskaldunon Egunkarian. Hau ere, beste epaile batek itxitakoa. Zorte txarra ala zerbait gehiago ote da legeak itxiko dituen komunikabideetan parte hartzeko joera susmagarri hau? Hau ere psikologoarekin komentatu beharko. Espero dut berriro ez gertatzea, baina badaezpada ere ez dut oso ozen hitz egingo.

Esan dezaket, literaturak jarri ninduela kantautore izateko bidean. Amore emana nengoen musika egitearen kontuarekin eta musika bildumazale konpultsiboa bihurtzea izan zen nire musika zaletasunak topatu zuen irtenbidea. Baina, hara non, dagoeneko Ruper Ordorikaren "Hautsi da anphora" eta "Ni ez naiz noruegako errege" buruz nekizkiela, lagun idazleren batek, Iñigo Aranbarri izan zela uste dut, esan zidan idatzitako poemak egokiak iruditzen zitzaizkiola kantuak egiteko, Ruperren moduan. Barruko arra pizten hasi zen eta Oñatiko kantariari elkarrizketa batean irakurritako esaldi bat etorri zitzaidan gogora. Harrituta zegoela, zioen Ruperrek, ez zuelako inola ere imajinatzen bere ahotsarekin halako ibilbidea egitea. Bi esaldi horiek buruan iltzatu nituen badaezpada. Erokeria berri bat eta kantuak egiten hasteko deliberoa.

Beste erabaki bat ere hartu nuen, ordea; kantuak bakarrik egin nahi nituen. Musikan eta antzerkian egindako ibilbide moduko horretan ongi sufritu nituen sormen "kolektiboaren" aje guztiak. Eztabaida amaiezinak, haserre eta mendeku txikietan gauzatzen den bekaizkeria sortzailea, indarrak sortzen eman nahi nituen eta ez inoren aurrean arrazoi duzula azaltzen. Ez nuen inoren onarpenik nahi. Kantautore izango nintzen.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons