Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 3. kapitulua

bio3a

Madarikatuak

Putrek, berriz, musikarekin jarraitu zuen. Dagoeneko laguna genuen Aitor eta (txorakeria bat medio) kartzelatik atera eta ezagutu berri genuen Goiorekin batera rock taldea osatzea deliberatu zuten. Aitor Diez (Sonora Candela, Tumbaito, La Ferreteria del Son...), Donostia inguruko salsa giroaren ahotsik nagusienetakoa izan baino lehen, teatralitate handiko kantari eta frontmana gertatu zen. Zin egingo nuke, taldearen bigarren zutabeak, Goio Matarranz gitarraren birtuosoak buruz zekiela Lou Reeden Rock & Roll Animal diskoa. Patxi Sagarna, Javi Corera eta Flavio Salvadorrekin batera osatu zuten taldea. Etxetik joateko eta lagunekin pisuak konpartitzeko garaiak ziren. Lau sos eta burukomin dezente. Guztia dastatu beharra. Garai hartan, Silvio Rodriguezen kantuek gainezka egin zidatenean, irrati bidez, ustekabean, Diego Manriqueren irratsaio batetan uste dut, deskubritu nuen Woody Guthrieren musika eta historia.

Rock talde gehienei gertatzen zaien bezala Madarikatuak taldekoek musika egiteko erraztasuna zuten, baina hitzak idazteko garaian nahikoa hankamotz zebiltzan. Euskaraz eta erdaraz kantatu nahi zutenez, hasi nintzen haientzako hitzak idazten, euskarazkoak, jakina. 1987an kaleratu zuten "Etsaiari Bakailua Desertuan" (Elkar, 1987) diskoa nire erdizkako lehen diskoa dela esan daiteke. Haren gurasoa baino osaba txikia nintzen, ze arraio! Azken finean, taldeko seigarren kidetzat naukaten kasik.

Musikariz eta antzerkigile amateurrez inguratuta ematen nuen denbora, hortik ezin ezer onik atera. Ikasketak bertan behera utzi, lanean hasi eta 90eko hamarkada hasieran Madarikatuak desagertu zen, ohikoa denez taldekideen arteko ikuspegi ezberdinak medio. Aitor eta Goioren arteko eztabaida sesioak legendarioak dira Tilosetako kiosko azpiko lokalean. Bidean beste hainbat musikari aritu zen taldean, baina, batez ere, gero emaitza ugari emango zuen Alegi herriarekiko anaitasun moduko bat hasi zuten Nabarro anaiak aipatu behar; Jota (bateria) eta Iñaki (baxua). Lehenak musikarekin estuki lotuta jarraitzen du, baina nahasketa mahaiaren beste aldean, tekniko gisara, Bilboko Kafe Antzokian eta Musikorta estudioan.

bio3bMadarikatuak desagertuta ere, ez nion idazteari utzi. Bai herriko kalitate handi, baina etorkizun mugatuko beste talde batzuentzat (Kantoi), bai nire koadernoan gordetzeko zirriborroak, rock letra izateko sortu gabekoak. Horiekin kaleratu nuen nire lehen, eta euskal poesiaren mesedetan, poema liburu bakarra; "Satorrak" (Susa, 1990). Poesiaz gain, nire saiakerak egin nituen komikiaren munduan, ausardia, inkonszientzia, ez dakit, agian psikologo batek begiratzeko modukoa izan daiteke "multidiziplina" hau. Argia aldizkariaren gehigarrian Bokarta pertsonaia sortu genuen Txerokee marrazkilariak eta biok. Hark laster batean utzi zuen, eta hortxe jaio zen gero anaitasun kutsua hartu duen Iñaki Martiarena "Mattin" artistarekin harremana. Hura arduratu zen Bokartaz astekariko komiki gehigarria desagertu zen arte. Bai komikian zein poesian ez nuen maila artistiko handirik lortu, baina handik aurrera asko markatuko ninduten hainbat idazle eta kazetarirekin egin nuen harremana. Guztiak, orduan Egiako Tabakalera ondoan zegoen Argia aldizkariaren egoitzan ezagutu nituen, Susak bere "ekintza" literarioak makinatzen zituen bertan; Xabier Montoia, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Gorka Arrese, Jose Luis Otamendi, Iñigo Aranbarri, Lorea Agirre... eta beste hainbat. Dena dela, uste dut literaturak indartu baino ez zuela egin nire musika zaletasuna.

Garai hartatik dator Morau ezizena. Komiki munduan oso ohikoa zen ezizenak erabiltzea, beraz, Bokarta argitaratzen hasi baino lehen erabaki genuen neuk, marrazkilariek bezala, ezizen bat behar nuela. Ziurrenik ez da ezizenik egokiena euskal kantautore batentzat, Europako gidoilaririk entzutetsuenetakoa zen Victor Mora kataluniarraren omenez, jarritako Morau hau. Baina garai hartan ez nekien, aurrerago, musikagintzan buru-belarri arituko nintzenik, eta kuriosoa iruditu zitzaidan. Noski, ezizenak jartzea erraza den moduan, zaila da ondoren bizitza osoan altzoan eramango duzun zerbait izango denaz ohartzea. Kantautore hasteko erabakia hartu nuenean ezizena berreskuratu besterik ez nuen egin. Batzuetan pentsatu izan dut ez zela oso erabaki azkarra izan, antza, Morau izenak, ez du sekula eduki musikari serio bati dagokion zama dramatikorik. Zer egingo diogu bada. Gauzak ezberdin gertatu ahalko ziren Andoni Tolosa izena erabili izan banu? Edo euskal mitologiarekin lotutako izenen bat aukeratu izan banu, Basajaun, adibidez? Ez dakit, hori ene memorien hurrengo edizioan azaldu beharko dut.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons