Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 24. kapitulua

bio24a

Epilogoa

Oraindik ez da Morauren historia bukatu, irakurri duzun hau da horren seinale. Hemendik aurrerakoa, autobiografia baino egunerokoa izatea lortzen badut, bederen. Horregatik, ez dakit oso ongi nola amaitu ustekabean hasitako lan hau. Agian, interesgarria da aitorpen pertsonal parea egitea, badaezpada ere.

Lehenik eta behin, kantatzen hasi nintzenetik 20 urte baino gehiago igaro diren honetan, sekula ez zaidala burutik pasatu musikarekin bizimodua atera nezakeenik eta denborak arrazoia eman didala. Horren desabantailak agerian daude, aurretik irakurritako orriotan behin baino gehiagotan agertu baitira; baina, sotilagoak badira ere, ikusten zailagoak, baita abantailak ere. Eta abantailen artean bat aukeratu beharko banu, oraintxe ari naiz ariketatxo hori burutzen, hauxe aipatuko nuke; nahi dudana egin dut, eta kito. Horixe da gehien estimatzen dudana, hanka sartu dut maiz, batzuetan asmatu ahal izateko, inbidiak hainbatetan hesteak bihurritu dizkit, lagun batzuk ernegatu ditut eta askotan sentitu naiz frankotiratzaile baten moduan euskal musikaren industria begibakar eta haren glamour ez normalizatuaren erresuman.

Bigarrenik, kantuak egitea gero eta gehiago kostatzen zaidan arren, inoiz ez dut galdu kantu on bat idaztearen itxaropena. Itxaropen horrek ekarri nau hona, barrutik sortutako gogo horrek zuzendu du nire ibilbide, askoren ustetan kaotiko, baina nire erraientzat oso logikoa. Badakit kantu perfekturik ez dela existitzen, nire asmoa ez da hori, ezta beste inork baino kantu hoberik idaztea, hori txolinen kontuak dira. Enegarren aldian entzunda ere, nire gogoa asebeteko duen kantu horretaz ari naiz. Munduaz eta bertako biztanleen gorabeherez hitz eginda ere nire barneak, lotsarik gabe, agerian utziko dituen kantu horretaz ari naiz. Eta asko estimatzen zaituztedan arren, bost axola 200 lagunek hala 20.000ak gozatuko duten, agi denez, ez naiz oso ona matematiketan.

Horregatik, autobiografia amaitzeko, egiteke dudan lan bat burutu eta ahotsa hezteko eskoletan izena eman nuenean gertatu zitzaidana kontatuko dizuet paragrafo bakarrean. Horretarako, ordea, oso garrantzitsua da girotzea. Hernaniko kultur etxean urtero eskaintzen zuten ahots heziketa ikastaro bat. Irakaslea, Tintinen abenturetako Catasfiore anderea burura ekartzen zidan, opera kantari bat (beldurra ematen dit pentsatzeak, zer egiten ote dieten emakume horiei kantu karreran zehar, ondoren, musika horrela tratatzeko). Ikasleak, adinean aurrera joandako klase ertaineko irakasle eta kantuzale afizionatu taldetxoa eta neu.

Zer egin genuen urritik ekainera astean behin bilduta? Oso erraza da azaltzen grafikoki; lalalalalalalalalalalalalalala, LALALALALALALALA, lalalalalalalalalalaa, LALALALALALALALA, lalalalalalalalalalala. Banan-banan oktaba bat igoaz saiakera bakoitzean, eskalak, eskalak eta eskalak, denbora guztian, non desafinatzen genuen eta non ez adierazten gustu berezia hartzen zuen irakasleak, edonor ernegatzeko moduko irmotasunarekin. LALALALALALALALALA, lalalalalalalalalala. Eguna joan eta eguna etorri. Lalalalalalalala, LALALALALALALA. To pedagogia eraikitzailea! Kantatzea kasik ariketa higuingarria bihurtzea. Zenbat denbora iraun nuen ikastaroan? Sinestea zaila badirudi ere, Ikasturte osoa. Nolatan, hain aspergarria egiten bazitzaidan? Klaseko "hoberena" nintzelako, bai, sinestezina bada ere, neure eskalak omen ziren "perfektuenak". Autoestima puztea ez al da nahiko arrazoi horrelako bati eusteko? Edo beste modu batean azalduta, ezustez beteta dago musikaren mundua, horregatik, ere, naiz musikazalea.

bio24b

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons