Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 23. kapitulua

bio23a

Oialume dantzalekua da

Hauxe zen Jexuxen egoera 2009aren amaieran: bi semeen ondoren, alaba egin zuten berak eta Aitziberrek. Hori gutxi balitz, lantegiaren gainbehera eta lanarekiko edota lankideekiko zuen atxikimendu gero eta txikiagoa zela eta, aukera on bat baliatuz, lan proiektu berria martxan jartzea deliberatu zuen, arrautza ekologikoak ekoizteko granja bat. Nola egokitu musikari amateurraren bizimodua egoera berri horretara, zerbait bazter batera utzi gabe? Ezinezkoa. Horregatik, ez ninduen harritu Kalamidadiak diskoaren bira bukatuta taldea utziko zuela esateak. Behingoagatik zentzuzko erabaki batek baldintzatuko zuen egoera.

Ez zen oso azkarra izan behar, Jexuxenak Agotak taldea arriskuan jarriko zuela ikusteko, inork ezin genuen taldea hura gabe irudikatu. Are gehiago, nabarmen sumatzen nuen Morauren ibilbidearen aldi bat amaitzera zihoala eta, beraz, ostera, erabakiak hartzeko garaia iritsia zela. Eta halaxe, berriro burua estutzera. Hauek dira garai hartan erabakitakoak. Lehen erabakia: Agotak taldea desagerraraztea 10 urteko ibilbidearen ondoren. Bigarren erabakia: amaiera kontzertu bat emango genuen urte horietan guztietan lagundu gintuztenentzat. Hirugarren erabakia: kontzertu horren ondoren gelditu egingo nintzen, zuzenekoak emateari utzi, eta ongi pentsatuko nuen zeintzuk izango ziren Morauren hurrengo urratsak. Guztiak ados, bagenuen lan pixka bat 2010eko uda hasieran.

bio23bLehenik eta behin, azkena izango zen emanaldi "handia" prestatu behar, lekua eta data aukeratu, forma eman ideiari eta beharrezkoa zen laguntza eta azpiegiturak lortzea. Lekuak pentsatzen hasitakoan Anderrek ez zuen bitan errepikatu behar izan Oailumen egitearen aukera. Ohorea zen niretzat Donostia aldeko musikazale eta dantzazaleentzat kasik 100 urtetan erreferentzia izan den lekuan jotzea. Aukera bikaina zen. Lekua egokia. Uda zenez kanpoan egin genezakeen eta dantzalekua eraiki baino lehen, dantzarako erabiltzen zen erreka bazterreko atari zabal edo plaza txikia, nahiago duzuen bezala, erabili ahal izango genuen. Gure gazte denborako igande arratsaldeko dantza saioak gogoratuko genituen.

Datarena zailagoa zen, uda hasiera zen eta abuztuan Hernani "hil" egiten dela kontuan hartuta, ez genuen aukera handirik. Sanjuanak eta gero izan behar, jakina, baina batez ere, Martindegiko jaien, munduko San Fermin jai hoberenen, ondoren izan behar. Bada, uztailaren hirugarren asteburuan egin behar genuen. Baina zer? Zer edo zer berezia, noski, kontzertu soila baino gehiago. Ezin genuen The Band taldearen agur jaialdiaren moduko bat antolatu; baina zergatik ez izan Scorsesek filmatzeko modukoa? Gainera, ziur egon, gure otordua haiena baino askoz ere txukunagoa izango zen, EHan baikeunden, eta horrelako batean ezin falta 100 lagunentzako jatekoa. Bada, horixe, bazkaria egingo genuen plazan eta gero kafe garaian emanaldia hasi. Lehenik eta behin, neu bakarrik, aspaldiko kantu batzuk jo, gero, Beñardok, dezenteko kalaka emanda konbentzitu ondoren, bere kantu batzuk joko zituen. Hark bakarkako saioa bukatutakoan, biak batera arituko ginen eta, azkenik, talde osoak azken aldiko errepertorioa emango zuen. Oso Morauzaleak izan beharko hura "jasango" zutenak.

bio23cGuztia martxan, batez ere, Asentsio eta Kororen pazientziari eta laguntzari esker, gonbidatu behar genituen lagunen zerrenda prestatzen has gintezkeen. Laster batean paperean jarri genituen, hemendik eta handik, etorriko ziren ehun bat lagunen izenak. Horretaz gain, lan asko zegoen egun berean egiteko eta horretarako, berriro ere, ahalegintxo bat eskatu behar, lagunen pazientziari (Boni, Tranki, Nekane,..). Etxeko lanak eginda, halaxe iritsi zen egun seinalatua eta, zorionez, eguzkitsua.

Geu, noski, oso goiz bertaratu ginen, bazkariarena bideratu, azpiegiturak prestatu, soinua muntatu eta bazkaltzen hasi baino lehen guztia probatua uzteko. Ordu bata aldera hasi zen jendea agertzen eta ordu bietarako hantxe zegoen gonbidatu multzo koloretsu, zaratatsu eta askotarikoa, ederra benetan nahasketa, etxe bakoitzeko onena esango lukete esperientziadun begi batzuek. Bapo bazkaldu genuen, mahaiak lekuz aldatu behar izan genituen babes pixka bat emango ligukeen itzal apurraren bila eta pentsatu bezala jendea kafea eta koparekin ari zela, ekin genion emanaldiaren lehen atalari.

Urduritasuna gauza bat da, bestea ezagun, lagun eta familia nahasketa horrek, barruan, kantua sortzen den lekuan, eragiten dizun sentsazio bikoitia. Alde batetik, pozik zaude guztiak bertan ikusita eta hori lasaitasun ikaragarria da. Baina bestetik, zurekiko halako "atxikimendua" erakutsi duen jendeari merezi duen guztia emateko obligazio moduko bat sortzen da, nahiz eta jakin, ezinezkoa izango dela gurari hori burutzea, inoiz eman duzun emanaldirik borobilena emanda ere. Lehenengoaren lasaitasunaren eta bigarrenaren urduritasunaren arteko tira biretan datza horrelako emanaldi garrantzitsuen arrakastaren funtsa. Neu, noski, halaxe nengoen pozez zoratzen eta urduri demonio, biak batera, beti bezala, oholtza gainera igo eta gitarrari lehen akordea sakatu nion arte. Hortik aurrerakoak ez ditut oso ongi gogoratzen, aitortzen dut.

bio23dHori bai, nabarmen egin zuen gora bertaratutakoen kopuruak, bazkaltzera etorritakoez gain, jende asko hurbildu baitzen musikaren usainera, asko nahita, batzuk nahigabe eta beste batzuk ustekabean. Guztira hiru ordu luze iraun zuen "emanaldia" burutu genuen, giro bikain, txalo zaparrada, komunikazioa bor-bor eta arratsaldeko parrandan. Ez genuen oso ongi jo, hori horrela adierazi behar da, behar baino entsegu gutxiago egin genituen azken bi hilabetetan. Jendeari, ordea, ez zitzaion gehiegi axola, ezta guri ere, musikari amateurron pribilegioa. Hiru bis eskatu zizkiguten eta iluntzen hasterako guztia jasotzen hasi ginen, ia zoriontsu, nire barnean ezin kabiturik eta, hori bai, leher eginda. Poliki-poliki desagertzen hasi zen eguerditik Oialumeko plaza emozioz betetako topagune bilakatu zuen jendea. Haurrak zituztenak lehenago, konpromisoren bat zutenak ondoren eta azkenean, beti bezala, lanean aritutakoak eta parranderoen azken kondarrak elkartasun gozoan.

Guri dagokigunez, Ikusi behar nola disfrutatu zuen Jexuxek oholtza gainean, Anderrek nola egin zion aurre, berarentzat, etxean bertan jotzea, lehen mailako erronka zenari eta nola Beñardok ohikoak baino alde ilun gutxiago aitortu zizkion emanaldiari. Guztia izan zen ezberdin Agoten azken emanaldian. Zin egiten dizuet bukatutakoan zoriontsu nintzela, oso zoriontsu eta ordu pare batez iraun zidala, gainera, zoriontasunak. Azken kondarrak desagertu zitzaizkidan arte, oraindik Hernanin pote bat hartu genuenean.

Ez uste, orduz geroztik, maiz bildu izan gara Morau eta Agotak, elkartu, jan, edan eta kontu kontari aritzeko. Baina ez, Beñardo eta biok kenduta, musika egiteko. Topikoa badirudi ere, lagun handiak bihurtu gintuen musikak, batez ere, musika ulertzeko moduak. Aurrena lagun eta gero musikari, hori baita musikari pobreok mundu krudel honetan superbizitzeko modurik duinena. Inoiz bueltatuko garen, ez dakit, inoiz gogorik badugu, bueltatuko gara eta bestela ez, gure esku dago eta ez beste inorenetan. Horixe izan daiteke Agoten ibilbidearen laburpena, txikia izatearen askatasuna da gurea.


morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons