Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 22. kapitulua

bio22a

Edozein amak
alabarentzat nahiko lukeena

Gaztea izanagatik ere esperientzia handiko musikaria da Ander (Etzakit, Juan Mari Beltran...), bateria eta txalaparta jotzailea, herri musikako hainbat tresna jotzen trebatua eta musikagintzarekin mota askotako harremanak edukitzen ohitua. Telefonoz deitu nionean ez nuen tratu handirik harekin, herri berekoak izan arren, beraz, lehenengo hitz-ordua egin genuenean ez nekien oso ongi zer nolako erantzuna emango zion proposamenari.

Musikariekin ahalik eta zintzoen jokatzea lege "unibertsala" denez, eta aurrera begirako burukomin ugari ekiditen laguntzen dizunez, ez nion kontua behar baino gehiago edertu, bateria jotzailearen behar gorria eduki arren. Agoten hiru lege nagusiak agertu nizkion. Lehena: beste zerbaitekin, agian, baina ez espero diruarekin sakela betetzerik. Bigarrena: ez bazatoz ongi pasatzera ez etorri, eta azkena: pazientziarik baduzu guretzat gorde, edadean aurrera doan jendea gara eta. Diskoaren masterraren kopia eman, entzun zezan, eta entzuten zuena gustukoa bazuen, taldean pozik hartuko genukeela esan nion, horixe zela gauzarik garrantzitsuena. Egun batzuk igaro eta entzundakoan berriro batuko ginela adostu genuen eta, atea zabalik utzita agurtu genuen elkar. Oso inpresio onarekin etxeratu nintzen, tipo gogotsu eta langilea iruditu zitzaidan, euskaltzalea eta musikaren mundua ongi ezagutzen zuena. Ez dakit, berak zein iritzi edukiko zuen, behintzat ezingo zuen argia izan ez nintzenik esan.

Berriro bildu ginenean, aurreko susmoak bete (itxaropen itsua esango du baten batek) eta arnasa sakon hartu nuen, entzundakoa gustatu zitzaiola esan zidanean. Ongi etorri Ander Agoten mundura. Uste dut Beñardo eta Jexuxi telefonoz berri ona ematerakoan jabetu nintzela, benetan, edukitako zorteaz, egindako eskapadaz. Azken finean, ez genuen bateria jotzaile "mertzenariorik" ordaintzeko modurik, ezta hasberri bati ofizioa erakusteko denborarik ere, ondorioz, Anderrek ezetza emanez gero, ea non topatuko genuen guk Mendiak utzitako hutsunea beteko zuen borondatezko musikaririk! Beno, harrokeriarik gabe, baina beste mirari txiki bat zakura.

bio22b
Elkarrekin egindako lehen entseguak agerian utzi zituen, zorionez, Anderren gogoa eta adin ezberdintasunak oztopatzen ez zuen beste hirurekiko "feelinga". Ordu pare batez elkarrekin jotzen aritu ondoren, esan genezakeen, zalantza izpirik gabe, Agote berri bat genuela taldean. Bien bitartean, diskoa kaleratu genuen (aurrekoan baino kazetari gutxiago etorri zen aurkezpenera) eta aspaldi sumatzen ez nuen ilusioa sumatu nuen, Mendiaren "galga" kenduta, entseguetan, berriro, disfrutatzen hasi ginenaren seinale. Pertsonalki oso laburrak gertatu zitzaizkidan handik aurrerako bi urteak eta horren errua, hein handi batean, Anderrena da. Gainera, hori bista dudan musikariak aukeratzeko, Anderrek bazuen entseguak egiteko lokala eta hori gutxi balitz, haien sagardotegiaren alboan, tumatxa!, entsegua bukatu eta prezio berean, musutruk jakina, txorizo egosi muturra eta sagardoa txotxetik. Hura pagotxa. Jexuxek, beti bezala, oso ongi laburtu zuen egoera esaldi bakarrean: "Lastima Ander lehenago ez ezagutu izana!".

Guztia, ordea, ez zen hain erraza izan. Alde batetik, gure emanaldien egutegia sagardotegietako txotx denboraldira egokitu behar izan genuen eta, bestetik, azken aldian gero eta nabarmenago sumatzen genuen moduan, geuk topatu behar izan genituen emanaldiak. Dena dela, 35 bat lotu genituen eta haietako batzuk gogoangarriak; The Beattles edo U2 bezala, kar, kar, kar..., Eibarko Monteka ondoko azotea/parke batean euri arriskuari aurre eginez emandakoa (mila esker Jokin), Erratzuko Zubipuntan gertatutako festa itzela (mila esker Nerea eta Ernesto). Lantziegoko erretiratuen tabernan, bigarrenez, urteko ardo gozoenaren lurrinetan, burututako familia topaketa (eskerrik asko Andoni).

Berriro ere tabernetako ke eta adiskideez inguraturik eman genuen Hernaniko Goiz Argi tabernan hasi eta Hernaniko Oialumeko dantzaleku zaharrean, atarian, alajaina, handik urte eta erdira amaitu zen disko berriaren aurkezpen bira.

Lainoak, gainera, oraingo honetan, espero zitekeen aldetik pilatu ziren, ez zen ustekabeko ekaitza lehertu, ez zen higatzearen poderioz gertatutako zulo ikaragarri baten zabaltzea, gero eta nabarmenagoa zen egoera batek eragindako amaiera kalkulatua izan zen 2010ean gertatu zena eta, behingoagatik, Jexuxek eragindakoa.


morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons