Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 21. kapitulua

bio21a

Inork ezagutzen
al du bateria
jotzaileren bat?

Grabaketa luzeak agerian utzi zituen gure arteko tentsioak, baina horiek benetan diskoaren azalarekin hasi ginenean lehertu ziren. Alde musikalean guztiok lan egin dugun moduan, beti egon dira nire eskuetan diskoen diseinuaren gaineko erabakiak. Horrela, berriro ere, Mattinek irudi mordoa bidali zigun eta aurrekoan bezala, Aitziber Elortzak egin zuen diseinu orokorra. Niri, ordea, kaskoan sartu zitzaidan bazela garaia Morauren disko batean geure argazki bat azalean agertzekoa. Ideia bat ere banuen eta hori proposatu nion Conny Beyreuther argazkilari bikain eta lagunari. Halaxe joan ginen guztiak, beste larunbat goiz batean, Donostiako Errekalde auzoan dagoen tren geltokira argazkiak ateratzera.

Ez zen gehiegi kostatu Jexux eta Beñardo konbentzitzea, Mendiarena beste kontu bat izan zen. Hasieratik ez zitzaion ideia gehiegi gustatu eta berak argazkian ez zuela atera nahi, eta... nolabait konbentzitu eta hura ere bertaratu zen argazkiak ateratzeko jarritako hitzordura. Argazkiak egin genituen, pote bat hartu genuen tanatorio bateko kafetegian (hura bai leku "siniestroa") eta bakoitza bere etxera. Arazoak ondoren etorri ziren, handik egun batzuetara Mendiak kalean harrapatu eta bera argazkian ateratzen bazen taldea utziko zuela, oso tonu txarrean, esan zidanean. Hitz egingo genuela erantzun eta buruari bueltak ematen hasi nintzen. Horrela izaten dira krisiak, txikikeriekin lehertzen dira, baina behin lehertuz gero ezin utzi zornea botatzeari.

bio21bEgoera oso arriskutsua zen, handik hilabete eskasera kaleratu behar genuen diskoa, ondoren zuzeneko emanaldiekin hasiko ginen eta bagenekien, baita Mendiak ere, gustura aritzea izan behar zuela gure motibaziorik handiena. Moraurekin inor ez da aberastu, ezta Morau bera ere, eta gutxitan joko duzunez oholtza "inportanteetan", hobe duzu bestelako motibazioak bilatzea taldean jarraitzeko; jende interesgarria ezagutu, ongi pasa musika zuzenean jotzen, ez dakit, motibaziorik xelebreenak ere balio dezake alde batera uzten badituzu arrakastarena eta dirua irabaztearena. Ez badaukazu jarrera hori, akabo, erretzeko paperaren erraztasunarekin sutuko zara, bide batez, besteak ere sutuz eta horrek taldea bera jarri dezake arriskuan. Abisu bat ziren Mendiaren kexa eta, batik bat, erabilitako modua.

Erabakiren bat hartu beharra zegoen eta insomnioak horretan lagunduta, hordagoa onartu nion. Oso ongi, bere kexa aintzat hartuko nuen, baina hein berean ez zuen taldean jarraituko, iruditzen zitzaidalako jarrera horrekin ez zuela ezer skainiko, are gehiago galga bat izango zela besteontzat hurrengo hilabeteetan. Ez dakit nola azaldu nion, nire bizitzako unerik gogorrenetako bat izan zen azken zazpi urteetan lagun izan nuen musikariari horrela agur esatea, baina, oraindik uste dut erabakirik egokiena hartu nuela. Bestela, ziur naiz, handik bi hilabetera elkarri hozka egiten arituko ginela. Orain, behintzat, elkar agurtzen dugu kalean elkar ikustean.

Ezin diskorik sano atera! Berriro ere ataka larrian, diskoa kaleratzearen atarian, bateria jotzailerik eta entseguetarako lokalik gabe. Harrapa ezank! Zortea ausarten alde omen dago eta horrela gertatu zen. Mendiak utzitako lekua osatzeko norbaiten bila hasi nintzenean, Ander Barrenetxearekin topo egin nuen laster batean.


morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons