Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 20. kapitulua

bio20a

Kalamidadiak (mila esker SGAE)

Betiko hika mika sortzaileez gain, nabaria zen elkarrekin musika egiteko gogoari gero eta gehiago kostatzen zitzaiola Mendia eta beste hirurok banatzen gintuen (adin, kultura, bizipen, nortasun) hesia gainditzea. Jexuxen lan eta familia egoera (bi seme zituen dagoeneko) bere konpromisoan gertatzen hasia zen galga nabarmentzen hasi zen moduan. Hala eta guztiz ere, aurrera jarraitzea lortu genuen eta gure arteko giroa, garai batekoarekin alderatuta, gero eta patalagoa bazen ere, handik urtebetera edo bagenuen disko berri bat burutzeko moduko kantu sorta. Berriro autoa hartu eta berriro Soraluzera.

Euskal diskogintzaren egoera gero eta eskasagoa zen eta 2007an sumatzen hasi ginen guztiok bai artistak, bai diskoetxeak, zein jaialdi antolatzaileek iraultza digitalaren ondorioek noraino baldintzatu zezaketen gure lana handik aurrera. Dena dela, eta aurreko diskoarekin asmatu izana gure aldeko "aktiboa" zenez, askoz ere jarrera irekiagoa sumatu nuen Xarrarengan oraingo honetan. Argi zegoen aurrekoaren moduko konponketa ekonomikoa egin beharko genuela, baina orain banuen zerbait aurreztua, Fitorekin emandako kontzertuagatik kobratutako egile eskubideak, hain zuzen ere.

bio20bBadaezpada azalduko dut kontua. Jaialdi bat ikusteagatik ordaintzen dugun sarreran ehuneko txiki bat egileari dagokio, ez jotzen duen talde edo musikariari, baizik eta jaialdian jo diren kantuen egileari. Berdin dio John Lennon edo Morau izan. Bada, Fitoren emanaldian 5.000 edo 6.000 lagun zeudenez, eta guk jotako kantu guztiak neureak zirenez jaialdi batean sekula jaso dudan diru kopururik handiena jaso nuen. Ustekabeko dirua zen, ez nuen halako kopururik inondik inora espero, eta musikari pobreok arin ibili behar dugunez matematika kontuetan, SGAEren urteroko likidazioa iritsitakoan, hurrengo diskorako gordetzea erabaki nuen.

Behingoagatik, zortea ere alde genuela zirudien, bere garaian Larrua Truk taldeko teknikaria izandako Hector Leal EHra itzuli zen Madrildik eta bere gain hartu zuen IZ diskoetxeak aspalditxo itxitako Amasako estudioa. Jexux harekin harremanetan jarri eta lagunak zirenez, oso modu onean, diskoa bertan grabatzea adostu genuen. Horrela "Kalamidadiak" (Gaztelupeko Hotsak, 2008) inoiz EHan izandako grabaketa estudiorik onenetako batean grabatzeko aukera izan genuen. Bai, hala zen, behingoagatik guztia ongi zihoala zirudien, baina ez, pitzadurak, oraingo honetan beste alde batetik etorri ziren.

Disko honetarako, arrazoi gehiagoz Hectorren laguna zela jakinda, aurrekoan egindako apustu bera egin eta Jexuxi eskatu nion ekoizpenaz arduratzeko. Grabaketari dagokionez, aurrekoetan baino askoz ere denbora gehiago eduki genuen, eta ondorioz asko luzatu zen kontua, diskoa uda hasieran grabatzen hasi eta negua aurreratua zegoela jaso genuen masterra (gero diskoak fabrikatzeko erabiliko den lehen kopia "originala"). Bide horretan jabetu ginen Hector bere borondate eta eskuzabaltasunaz gain, oso saltseroa zela, Jexux erotzeraino kasik, Mendiaren uzkurtasuna taldearen elkarbizitzarako arazoa gertatzen hasia zela eta Beñardori ez zitzaiola batere gustatzen Hectorren lan egiteko modua eta hori arazo iturri gertatuko zela.

Emaitza ona izan zen, batik bat, Jexuxen lan bikainari esker, ez zen erraza izan oilategi hura koordinatzea. Beñardoren ustez, neuk askoz ere indartsuago kanta nezakeen (ez zaio arrazoi falta, nahiz eta, nabaritzen zaidan kantu eskolak hartuak nituela), nire ustez bere gitarrek (Hectorrek aldarazitako haien grabazio modua tarteko) batzuetan kantua "despistatu" egiten dute (ez zait arrazoia falta), Mendiarentzat kristoren ahalegina izan zen diskoa grabatzeko saioetan parte hartzea (lanarekin kunplitu besterik ez zuen egin) eta Jexuxek nahikoa izan zuen Hector "toreatzen". Txukaldaren ondorengo diskoa da eta hura baino poperoagoa geratzen da. Morau eta Agoten tamaina ona eman dezake eta egindakotik, bereziki gustatzen zait Imanolen Mendian Gora kantuaren bertsioa.


morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons