Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 19. kapitulua

bio19b

Hobe bakarrik

Mutur batean emanaldi hori, eta bestean, garai hartan oso gutxitan, baina noizbehinka egiten nituen bakarkako emanaldiak. Tartean, berriz, Beñardo eta biok egiten genituenak. Galdetuz gero non disfrutatzen dudan gehiago, polikiroldegi edo taberna batean, ez daukat zalantzarik, jendea zenbat eta hurbilago, orduan eta hobeto. Bai, maite ditut izerdia, kea eta jendeari muturra ikustea, maite dut diotena entzutea, askotan entzuten dudana ez gustatu arren. Maite dut haien maila berean egotea eta, batez ere, asko gustatzen zait disfrutatzen ikustea. Hori bai bakarka edo taldearekin aritzea gehiago gustatzen zaidan galdetuz gero, ez nuke jakingo erantzuten. Garai hartan gozatu ederrak hartu nituen Agotekin hainbat emanalditan, baina era berean faltan sumatzen nuen bakarka aritzeak ematen dizun askatasuna eta biluztasuna. Neu konbikzioz naiz kantautore, ez oportunismoagatik edo beste aukerarik ez dudalako. Horregatik sekula ez diot utziko bakarka kantatzeari.

Gainera Beñardorekin batera burututako emanaldiek erakutsi zidaten bazela tarteko bide bat, bakarrik egon gabe bakarka aritzearen abantaila gehienak dituena. Formatu jantziago bat. Gaitasun mugatua duen artista batentzat egokia gertatzen dena moldaketak ongi egiten jakinez gero.

Ez da erraza taldearentzat sortutako kantuak bikote formatura ekartzea. Nabardura multzo batek saretzen du kantu bakoitza. Elementu txikiak dira, atomoak bezala; gitarrak hemen egiten duen akorde hori, une bateko isiltasuna, indar gehiagorekin kantatutako lerro hori... Elementu horien nahasketatik sortzen da, azkenean, entzuten duguna. Nabardurak, berriz, ezin dituzu automatikoki esportatu formatu batetik bestera. Bateriak gauza bera egin dezake baxua egon ala ez egon, baina ondorioak zeharo ezberdinak izango dira. Gure kasura etorrita, gitarra elektrikoak ere berdin jokatu lezake baxu eta bateria egon ala ez egon, baina Beñardo eta biok burututako emanaldietan agerian geratzen zen emaitza ez zela hain borobila. Atomoekin bezala, elementuen arteko oreka aldatuta emaitza ere aldatzen da kantuetan. Ikasi dut, moldaketak egokitu egin behar dira formatu berrira eta horretarako, ikuspegi berri horretatik landu behar dira. Hori da falta zitzaiguna, hori eginez gero bikotearena izan daiteke Agotik gabeko Morauren formaturik egokiena. Itzul gaitezen , ordea, entsegu lokalera.

Txukalda diskoaren aurkezpen bira amaituta, bakarrik edo Beñardorekin batera burututako emanaldi gutxi batzuk sortu ziren; baina orokorrean opor modukoak izan ziren taldearentzat. Bi urte eta erdi igaroak ziren diskoa kaleratu genuenetik eta kantu berriak egiten hasia nintzen, poliki-poliki. Ez dakit kontatu dizuedan, baina denbora pasatu ahala gero eta neketsuagoa egiten zait kantu berriak idaztea. Bi arrazoi nagusi daude horren atzean. Lehena; gero eta zorrotzagoa zara zure buruarekin eta horrek luzatu egiten du prozesua. Duela 10 urte kantu onargarria litzatekeena alde batera uzten den zirriborroa da gaur egun. Bigarrena; kantuak egiteko hiru gauza behar dira, zer kontatu edukitzea, kontatzeko gogoa eta denbora eta gero eta zailagoa da hiru alorrek bat egitea.

Hala eta guztiz ere, kantu berriak idazten ari nintzen. Azken horiek, gainera, lehen aipatutakoaren bidetik, taldea buruan nuela idazten nituen eta bizpahiru nituenean iritsi zen telefono gorria hartu eta makineria berriro martxan jartzeko tenorea. Erabaki eta egin, laster batean hasi ginen biltzen larunbat goizetan Mendiaren aitaren garajean. Baina geu ez ginen berdinak, akabo festa, enamoramendu fasea gainditu eta dagoeneko errutinaren aroan sartuta dagoen bikotearen moduan, geuri ere kosta egiten zitzaigun aurretik lortua genuen "oreka" berreskuratzea. Ez da txinparta kontua, ez, nahiko ongi pasatzen jarraitzen genuen, ez zen gogo kontua, guztiok nahiko gogotsu ekin geniola uste dut, baina pazientzia gutxiago genuen, errazago egoskortzen ginen, eta, batez ere, azkarrago nekatzen ginen. Kantu berriak prestatze lanetan, batzuetan, ez zen giro Astigarragako garaje klaustrofobikoan.

bio19a


morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons