Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 18. kapitulua

bio18a

Hemen nor da izarra? (Agoten neurria)

Halako batean, gure habitat naturaletik atera eta polikiroldegi batean jo genuen. Ez edozein polikiroldegitan, Anaitasuna polikiroldegian, baizik! Rock gogorraren izar gehienak inoiz zanpatu eta euskal taldeen emanaldi gogoangarriak jaso dituen Nafar rockaren tenpluan, alajaina. Egia da, oso gutxitan izan genuela horrelakoetan jotzeko aukerarik. Argi zegoen ez ginela gazteen bihotzak, edo bestelako ezer, xut jartzeko moduko talde bat; himnorik ez, manifetako sloganen moduko estribillorik ez eta musikalki pop, folk eta countrytik edaten genuen... Gero eta sofistikatuagoak ziren jaialdi masibo horietako batean jotzeko deituz gero, bazen bertan, merienda orduan animatu behar zen karpa txikiagoren bat, txartel dirdiratsuan itsusi geratu eta nolabait bete behar zen zoko ilunen bat edota "segundonak" kontsolatzeko espazio intimoren bat. Kasualitateak, ordea, bestelako bideak ditu musikari pobreontzat.

Hernanin, sagardotegietara etorritako jendearen inbasioa ekonomikoki aprobetxatzeko, Sagarrondotik makro jaialdia ospatu zen hiruzpalau urtetan. Halako batean, bertako antolakuntzan laguntzen ari zen eta jaialdien munduan azeri zaharra zen Txelo Larretxeak, jaialdi horren azken egunean gertatu behar zen kantautore jaialdi bat antolatzeko enkargua jaso zuen. Gurekin gogoratu, batik bat, taberna berean pasatzen genuelako bizitza erdia eta parte hartzeko proposamena luzatu zigun. Listo, erraz, gauzek bere bidetik segitu izan balute, baina ez, antolatzaileek kantautoreen "atala" bertan behera utzi zuten eta, beraz, behingoagatik, makro jaialdi batean jotzeko atarian geratu ginen. Urte hura izan zen gainera jaialdiaren urterik jendetsuena eta Fito & Fitipaldis talderik arrakastatsuena. Txelo haserretu zen antolatzaileekin, geu Txelorekin, eta ondoren, baita antolatzaileekin ere (erdi lagunak genituen) eta halaxe geratu zen kontua. Antolatzaileek jaialdiaren lehen egunean jotzea proposatu ziguten jaialdia irekitzen, baina txartelean agertu gabe eta, noski, geuk ezetz, horrelakoetan jotzeko arrazoi nagusia, guretzat, txartelean agertuta lortu genezakeen publizitatea zen eta. Pobreok ere autoestima zaindu behar dugu, noizbehinka.

Fitoren diskoa taberna guztietan eta etenik gabe entzun zen uda luze hura igaro zen, azkenean. Ez da broma, kantu bat entzuten hasten zinen taberna batean poteoan ari zinela eta beste taberna batean bukatzen zenuen, horrela egunero. Tabernari guztiak ados jarri al ziren entzule sentiberak behin eta berriro aztoratzeko? Iritsi zen udazkena eta Txelo berriro jarri zen gurekin harremanetan Iruñeko Anaitasunan burutu behar zuen jaialdi batean telonero gisara aritzeko eskatuz. Badirudi aurreko esperientziak nolabaiteko zorretan utzi zuela gurekin. Noren telonero galdetu nion? Fito & Fitipaldis, to! Horrek justizia poetikoaren antza hartu zuen. Asko eskertu genion Txelori egindako ahalegina.

Iritsi zen eguna; kamerino propioa, roadieak, managerrak, oholtza erraldoia (geuk jo genuen azken lau lekuak sar zitezkeen bertan, bata bestearen alboan jarrita eta lekua sobratu) eta milaka entzule, gehienak neskak edota neskek gogo txarrez arrastaka eramandako mutil lagunak. Non geratu ote zen rock kontzertuak, batez ere, gizonezkoen kontua zirela zioen lege zaharra? Horrelako jaialdietan ordutegiak oso zehatzak dira, are gehiago teloneroarentzat. Jaialdia 22:00etan hasten bazen ere, geuk arratsaldeko 5etarako egon behar genuen bertan. Hara joan ginen, segurtasun neurriak pasatu, artistentzat erreserbatutako lekutik sartu, hain garrantzitsuak ginela pentsatzea ere! Di-da batean gure trasteak muntatzen ari ginen eszenatokian, jende mordo baten joan-etorrien artean. Taula gaineko arduraduna etorri eta gauzak zehatz azaldu zizkigun. Zein zen gure lekua aireportu bateko lurreratze pista hartan, nola egin behar genuen bukatu eta gero talde nagusiaren teknikariei enbarazu egin gabe gure trasteak desmuntatzeko eta, batez ere, hauxe, ordu erdia geneukala, ez minutu bat gehiago ezta minutu bat gutxiago, gure emanaldia burutzeko.

Musika tresnak eskutan hartu eta probatu genuen, jenderik gabe jai-alai frontoiko partida baten pilotakaden soinu banda zirudien arren, gustura geratu ginen, gustura geratu beharko, denbora aurrera zihoan eta talde nagusiak probak egin behar zituen. Afari ordu arte itxaron behar handik aurrera. Denbora eduki genuen, beraz, musikagintzaren unibertso paralelo horretan kuxkuxeatzeko. Ikusi genituen musikariak igotzen eta probatzen, haiek ere langileak ziren, nolabait. Probak bukatu eta gu haiekin aritu ginen (Batiz, Fernan Irazoki...) lasaitasun ederrean, zain. Afarirako ordu erdi geratzen zenean agertu zen izarra, Fito. Automatiko, musikari guztiak oholtzara igo ziren berriro, Fitori horretarako zegoen beste teknikari batek afinatu zion gitarra eskutara eman eta proba egin zuten. Tartetxo batean aritu ziren, Fitori beste bizpahiru gitarra, afinatuta, jarri eta kendu zizkioten eskutik, kantu pare bat kantatu eta gustura geratu zelakoan, kito. Guztia prest afaldu ondoren jaialdia hasteko.

Ikusi genituen, baita ere, managerrak negoziotan, pasilloetan, izkinetan, dealerra eta bezeroa tratutan bezala, eta afaritara eseri ginenean jabetu ginen zirkuaren tamainaz. Laurogei bat lagun bildu ginen bi mahai luzetan. Musikariak eta lagun batzuk, teknikariak, managerra(k), antolatzaileak... Langile gehienek bokata bat jan zutela kontuan hartuta, zenbat jende behar ote da, gau batez, ikuskizunak funtziona dezan?Hori bai, haiek profesionalak ziren. Ibileran sumatzen zitzaien, zigarroak erretzeko moduan, azalpenak ematerakoan egiten zituzten keinuetan. Profesionalak ziren adeitasunik gabe, baina errespetuz tratatzen gintuztelako. Guztiak gogorarazten zigun, nahigabe ere, teloneroak ginela, paparrean domina asko falta zitzaizkigula oraindik gehiago merezi ahal izateko, baina inork ez zigun ezer aurpegiratzen. Uste dut show busines deitzen diotela horri!

Geu, Mendia izan ezik, txapela jantzita atera ginen, Totori oparitxo bat egin genion eta slidea jo zuen kantu pare batean eta, beti bezala, gogoz atera ginen, argiak erdi pizturik eta isiltasunarekin erantzuten zuen jai-alai frontoia, barkatu, pabiloia gureganatzera. Oihartzuna eta ezereza. Pabiloia poliki-poliki betetzen hasi zen, zozo batzuek, eta izarrak hurbiletik ikusi nahi dituztenek bakarrik, hartzen baitute presa teloneroa ikusteko. Hasieran 200, geroxeago 500 eta gure azken kanturako sumatzen zen jendetza bilduko zela Fito ikustera. Emanaldia, berriz, ez hotz eta ez bero, ez ongi eta ez gaizki, gure herriko jubenilentzat Nou Campen jolastea bezalako zerbait, gogoak asko lezake, baina ez guztia eta neu, behintzat, oso arrotz sentitzen nintzen etxe aurreko plaza bezain handia zen eszenatoki hartan. Ongi egin genuela uste dut, baina 25 minutu pasa zirenean erabaki nuen, halaxe, neuk erabaki nuen, bazela kamerinoetako garagardoa probatzeko garaia. Ezin genuen ordu erdi bat baino gehiago jo, behin baino gehiagotan azpimarratu ziguten, baina haiek ez ziren inor geu zenbat denboraz arituko ginen erabakitzeko, to! Pobreoi noizean behin esnatzen zaigun duintasun mitikoa, bizpahiru minutu soberan genituela, ospa egin genuen eszenatokitik eta oraindik hiru ordu laurden luze igaro ziren izarra taula gainera etortzeko.

Bat-batean argiak itzali eta oholtza munduaren epizentroa bilakatu zen. Taldea jotzen hasi zen, ihes egiteko modurik uzten ez zuen soinu "handiz" (ez nuen pentsatu nahi nolakoa izan ote zen gurea) eta minutu parea igarota pabilioia behera etorri zen izarraren figura txiki eta iharra eszenatoki erdira joan eta mikrofonoa bi eskuekin hartuz, esaldi topikoren batekin, bertaratutako milaka lagunak agurtu zituenean. Handik aurrera, delirioa. Horri entzulearen eta artistaren arteko "jaunartzea" deritzotela uste dut. Zer ikusirik ez tabernaren barratik txisteak zapuzten dizkizun lerdo hiztun kronikoarekin. Lagunek Goikok, Bonik, Balerditarrek, Asisek eta geuk kamerinoetako garagardo lata guztiak eta whsiky botila xurgatu genituen eta magnum ardo botila Asisi oparitu genion bere urtebetetzea zelako. Gustura aritu ginen Toño, Zara eta Blankarekin hurrengo bi ordu eta erdian eta akabo, etxerako bidea hartu genuen. Rockaren munduaren gaineko ikasgai osatua jaso genuelakoan. Fito hitz erdi bat egitera etorri zen gu bagindoazela eta ondoren, neskez betetako kamerino batean ikusi genuen gitarra akustikoarekin bere kantuak kantatzen eta argazki flashez inguraturik. Huraxe da jaialdi hartaz dudan azken irudia.

bio18b


morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons