Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 17. kapitulua

bio17b

Euskal musikaren kategoriak

Komunikabideetan dezenteko oihartzuna lortu zuen Txukaldak. Nobedade asko zekarren lana zen eta garai ona aukeratu genuen, udaberria, komunikabideek kasu egiteko. Durangorako diskoak ez kaleratzearena nahita izan da. Garai batean euskal musikaren ekoizpenek bi loraldi izan ohi zituzten urtean; udaberri eta uda bitarteko tartean, udako jaietara begira, eta urritik abendura artekoa Durangorako. Kontuan hartu behar da, gaur egun, urtero kaleratzen diren euskal diskoen bi herenak Durangora begirako tarte horretan kaleratzen direla, eta azokaren datak hurbildu ahala badirela egunak non bi disko aurkeztu daitezkeen egun berean. Ekoizpen batzuk arreta berez bereganatzen dute, oso artista ezagunenak direlako, modan dagoen joera baten adierazle direlako, bestelako ezaugarri batzuei esker... esan dezakegu horiek disko handiak direla. Urtean gutxi batzuk izan ohi dira disko handi horiek (diskoetxe bakoitzak aldizkatzen ditu barne konpentetziarik ez egiteko). Arrakasta ziurtatua ez badute ere, jarraipen zabala egiten diete komunikabideek (telebista, irrati, prentsa idatzia).

Dendetako eskaparateetan, disko handi horien ondoan, izkinak eta zoko ilunagoak estaltzen, bestelako disko batzuk egon ohi ziren. Halako itzala ez duten artistak izan arren, zeresana dutenak. Edozein katalogo janzteko modukoak. Askotan kritika bikainak jaso eta gutxi saltzen duten artisten lanak dira, lan bikain baina beti minoritario egiten dituztenak, beste alorren batean itzala lortuta musikagintzan saiotxoa egin dutenak... Diskoetxeek ezin dituzte, arrazoi komertzial edota bestelakoak medio, bakarrik disko handiak kaleratu. Bigarren kategoria horretako diskoak behar dituzte entzule espezifikoago batengana iristeko, prentsa espezializatuan lekutxo bat lortzeko, beren burua "zuritzeko", diskoaren aldeko apustua egiten dutelako... Disko horiek, ere, tamaina horretako jarraipena jasotzen dute komunikabideen aldetik. Oihartzun apur bat, alegia, dezente, parean itzala egingo dion disko handiren bat tokatzen ez bazaizu. Elkarrizketak egunkari gehienetan, irrati eta aldizkari batzuetan eta zorte pixka batekin, minutu erdiren bat telebistan. Gutxitan ikusi dut Morauren diskoren bat Hernanikoa ez den disko denda baten eskaparateetan, baina komunikabideen tratuari dagokionez, bigarren multzo horretan kokatuko nuke nire burua.

bio17aAlde horretatik ezin kexatuko naiz, Euskal Herrian euskal musikari arreta apur bat jartzen dioten komunikabideetan izan naiz behin baino gehiagotan. Zerrenda luzea nolabait laburbiltzeko, uste dut 20 urte hauetan inoiz parean suertatu zaizkidala euskal musikaren gainean interes profesionala baino gehiago agertu duten euskal kazetari eta esatari gehienak. Jon Eskisabel, Mikel Lizarralde, Forki, Gorka Erostarbe, Arantxa Iturbe, Joseba Martin, Fermin Etxegoien, Pablo Cabeza, Roge Blasco, Pedro Elias Igartua. Guztiak iruditu zaizkit musikazale amorratuak eta gehienekin eduki ditut solasaldi interesgarriak, ez bakarrik Morauz, baita musikaz eta, bereziki, euskal musikaz.

Natorren harira, kontu guzti hau laburbiltzeko: komunikabideek, espazio bat dute betetzeko euskal musika edota musikariokin, espazio mugatua, jakina, gero eta txikiagoa. Ondorioz, logikoa denez, zenbat eta disko handi gehiago, orduan eta arreta gutxiago besteontzat. Hori dela eta, kasu egitea errazagoa delakoan, lehenengo diskotik aurrera, udaberria hobetsi dut diskoak kaleratzeko. Koitadua, ez nuen kontuan hartzen nola ehiztarientzat beda altxatzen denean, Durangokoa euskal kultura kontsumitzeko aro baimendua dela euskaldunontzat. Durangokoa bukatuta, akabo, gorde eskopeta, beda berriro. Euskaldun furtiboen arrazakoa ote naiz?

Baina nola jakin zein kategoriako diskoa den? Oso neurri ona dago horretarako; diskoaren aurkezpenera bertaratutako kazetari kopurua. Disko gehienen aurkezpenerako prentsaurrekoak antolatzen dira eta bertara gonbidatzen dituzu komunikabide guztiak. Normalean diskoarekin batera bidaltzen zaie gonbidapen idatzia . Adibidez, EHan 100 bat disko behar dituzu, gutxi gora-behera, komunikabideen artean banatzeko eta diskoetxe guztiek dute osatua bidali beharrekoen zerrenda, kazetari kutunak barne. Disko handi batek 20 lagun ere bildu ditzake (garaiaren arabera) horrelako prentsaurreko batean, bestelakoetara nekez hurbilduko zaizkizu 5 lagun baino gehiago. Txukaldaren aurkezpenera, adibidez, 7 kazetari hurbildu ziren eta pozik geunden, inoiz Morauren aurkezpen batera etorritako kazetari kopururik handiena zelako.

Diskoa kalean zegoen eta pozik ekin genion zuzenekoak emateari. Gutxi gora-behera 40 bat emanaldi eman genituen Txukaldaren aurkezpen biran, urte eta erdian zehar. Ez dago gaizki, kontuan hartuta, 90eko hamarkadan hain modan jarri ziren makro jaialdietako txarteletatik kanpo uzten gintuztela eta gure espazio naturala tabernak, gaztetxeak eta tamaina ertaineko aretoak zirela. Udan, teknikari inspiraturen baten bidez, herriren bateko jaietako oholtzaren bat probatzen genuen eta, oraingo honetan, baita polikiroldegi bat ere, baina hori geroxeago kontatuko dizuet. Emanaldi gehienak ongi joan ziren, diskoa modu duinean defendatzen genuen jendearen aurrean. Ongi "irakatsiak" nituen musikariak "berdin dio 1, 10, 100 edo 1000 lagun dituzun aurrean, behin oholtzara igota, aurrera!" errepikatzen nien, inork zalantzarik eduki ez zezan. Garrantzitsuena, dena dela, bira hartan lehen aldiz joan ginela, Andoni lagunaren bitartez, Arabar Errioxara jotzera. Ardo festa itzela burutu genuen jendez betetako Lantziegoko erretiratuen tabernan eta etxera pozik itzuli ginen goizeko 8etan, oparitutako ardo kutxak bizkarrean eta gitarra eskuetan. Ardoak ez du sekula hain zapore onik eduki.

Gure esku geneukan disko kopuruaren salmenta ere martxa onean zihoan eta diskoa atera eta hiru hilabetera berreskuratua nuen jarritako sosen zati handi bat, bestea ez nuen sekula berreskuratuko. Kostata, baina gauzak berriro bide onetik gertatzen ari ziren. Lasaitzeko eta disfrutatzeko unea zen eta horretan ari nintzen. Bien bitartean, askotan gogoratzen nintzen motorrarekin.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons