Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 16. kapitulua

bio16aTxukalda Goizuetan dago

Berriro autopista hartu nuen Soraluze aldera Xarra eta Ubanerekin bigarrenez egotera. Disko komikiaren ideia azaldu, Mattinen lana erakutsi eta jarrerak erabat aldatu ziren. Ondoren oso erraza izan zen diru tratutan aritzea. Aldez aurretik, esan behar dizuet, neu munduko negoziatzaile txarrenetako bat naizela, Beñardo eta Nekaneren etsipenerako. Oso ezberdina izan zen hilabetean Soraluzetik egindako bigarren auto itzulera, burua berriro ere sutan banuen ere, beste galdera batzuk zebilzkidan orain, galdera praktikoak; diskoa non grabatu, nork egin ekoizle lana...

Jexux Agirresarobe (Txamuto, Larrua Truk) izan zen motorra laugarren disko honetan. Bere bidez jarri ginen harremanetan Jesus Mari Lopetegi (Akelarre, Jexusmai, Jexusmai eta Noizbehinka) Zarauztar musikariarekin, haren estudioan grabatu genuen, azkenean, Unai Moraza teknikari genuela "Txukalda" (Gaztelupeko Hotsak, 2004) diskoa. Oso nabaria zen Jexuxek, gainera, oreka jartzen zuela Beñardo eta bion arteko ikuspegiak bat ez zetozenean, eta ongi moldatzen zela Mendiarekin, horregatik hari proposatu nion ekoizle lanak egitea. Bera arduratuko zen diskoaren "soinuaz", teknikoaren gainean egoteaz eta baita nahasketez ere. Eskura genituen aukeren artean Jexuxena zen egokiena, nahiz eta jakin, hobe dela taldetik kanpoko norbaitek hartzea lan hori, taldekook ikuspegia "kutsatua" izaten baitugu eta zaila egiten baitzaigu geuk sortutako kantuak nahiko argitasunez ikustea. Dena dela, beste zerbaitek bultzatu ninduen, azkenean, Jexux aukeratzera; ez da sasietan galtzen den horietakoa, Beñardo eta biok bezala, edozerekin despistatu eta bidetik ateratzen dena. Ez, Jexuxek ideia bati heltzen dionean ez du azkenera arte utziko eta bere onenak ematen ahaleginduko da, indarrak xahutu arte. Esandakoa, Txukalda diskoaren motorra.

bio16bLau asteburutan burutu genuen grabaketa. Goizeko 10etatik gaueko 9etara luzatzen ziren saioetan eta aitortu behar dut, nekeaz gain, kasik gozatu egin nuela disko hau grabatzen. Ez da harritzekoa, pentsatuko du baten batek, Jexuxen gain lan tekniko eta zikinenak utzita, onartzen dut, horixe da gakoetako bat, baina ez bakarra. Gainera aipatu behar dira, Jexuxmaik jaso berri zituen zizekin egiten zizkigun nahasiak eta emandako tratu bikaina, Beñardok ekartzen zuen ardoa eta lan giro aproposa. Taldea egoera onean zegoen eta nabaritzen zen. Lagun askok parte hartu zuen diskoan; Toto, Petti eta Jabier Muguruza, besteak beste. Jexux eta Unai Moraza arduratu ziren nahasketez eta bi aldiz egin behar izan zituzten, Jexux lehenengoekin ez baizen gustura geratu. Horretarako zen ekoizlea, gauzak bere modura egokitzeko.

Morauren diskografiako diskorik borobilena da, sendoena eta orekatuena. Betiko klabeetan mugitzen da; ironia, samurtasuna, istorio hurbilak, klasikoen bertsioak. Kantuak country airetatik pop ukituetara mugitzen dira balada folkiak alde batera utzi gabe, eta heldutasuna darie, bai konposizioan eta baita moldaketetan ere (gure buruari loreak botatzeko asmorik gabe). Azal ikusgarria du, edozein disko dendetako eskaparatea alaitzeko moduko azal laranja. Alaitasuna eta baikortasuna dario diskoari. Oso pozik geratu nintzen, behingoagatik disko baten emaitzarekin, nahiz eta, horretaz handik hilabete batzuetara konturatu.

bio16cDiskoa grabatzen amaitu eta hainbeste hilabetetako lana burututa, kantu bakoitza entzuten duzunean, lehertu egiten da grabazioan zehar kantuekiko sortzen hasi den gorroto moduko bat. Joan nahi ez eta, azkenean, nazkatuta, etxetik botatzen dituzun seme-alaben modukoak dira kantuak enlatatzen dituzunean. Zuzenean ez, zuzenean disfrutatu egiten duzu, kantuak, azken finean, barrutik, erraietatik entzuten dituzu. Diskoan, aldiz, belarriekin entzunez oso zaila da arrangurak ekiditea (hau horrela egin izan bagenu, beste horrekin ez genuen asmatu, hark goxotasun gehiago eskatzen zuen, ahotsa altuegi dago hemen...). Uzten badiozu irensten zaituen zurrunbiloa da. Denboraren poderioz, noizean behin bakarrik, lortzen duzu hura ekiditea, baina diskoa grabatu berritan ezinezkoa da eta botika bakarra, gogorra dirudien arren, aldi batean diskoa ez entzutea da. Horregatik diot, denbora (kasik urte bete) behar izan nuela Morauren diskorik biribilena zela konturatzeko.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons