Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 15. kapitulua

bio15a

Mundua ez da beti jai motozaleentzat

Ez da harritzekoa Gaztelupekoek errezeloz begiratzea laugarrena behar zuen diskoari. Beste musikagintzetan ez dakit, baina gurean, 800 diskotik behera saltzean egon daiteke hurrengo diskoa kaleratzearen muga. Gure tamaina eta aurrekontuko talde baten diskoarentzat 800 disko salduta diskoetxeak inbertsioa berreskuratzen zuen eta bestela ez. Horrela da, zehatz eta zorrotz. Garai horietan, berriz, ez zen lan makala disko salmenta horretara iristea. Aipatu daitezke super-inflazionatutako merkatu diskografikoa (disko gehiegi erosle gutxirako), merkatuaren lege guztiahalduna (gehien saltzen duenak jasotzen du arreta eta publizitate gehien), errealitate gordina (beti musikari amateur izatera kondenatuta egotea, horrek sormenari dakarzkion galga guztiekin) eta azkenik, Morau erdiko maila batean geratu izana (ez genuen ohorezko ligan jokatzen, baina ezta hirugarren mailan). Aitzakiak, finean, geu aurrekoarekin 800 ale horietara ez ginela iritsi esateko. Ondorioz, Xarra eta Ubanek, haiek arriskatzen dituzte sosak, ez zuten oso argi diskoa kaleratu ala ez. Zer jartzeko prest hago?

Baldintza ekonomikoei gehitu behar zitzaion, gainera, Morauren ibilbidearen bilakaera, haientzat ahul samarra, eta haren gaineko galdera bat; ibilbide horri zer gehituko lioke beste erdipurdiko disko batek? Hori ere, hain zehatz eta hain zorrotz. Onerako eta txarrerako Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak aspaldi utzi zion amateur izateari. Haiek bai, haiek lehen lerroan jokatzen zuten azken urteetan eta ez zen erraza gertatuko katalogo horretan leku bat egitea.

bio15bEz ninduen harritu jarrera horrek, nire egoa ukitu samar geratu bazen ere. Ze arraio, horretarako daude artista pobreon egoak, astinduak jasotzeko! Autoan, Soraluzetik bueltan, guztia pikutara bidaltzeko gogoarekin mintzaldi luzea eduki ondoren zera erabaki nuen, esku artean geneukana sendoegia zela alferrik galtzen uzteko. Beraz, bi gauza behar nituen, diskoa borobiltzeko ideiaren bat eta sosa apur bat. Ideiak ideia direnez, etorriaren menpe bizi dira eta normalean biltegi bertsuetatik ateratzen ditugu. Asmatu duzue, berriro, lagunen telefono agenda atera eta Mattinekin jarri nintzen harremanetan. Maketa eta kantuen hitzak pasatu eta kantu bakoitzeko komiki bana egin eta horrela nolabaiteko "disko/komikia" osatzea eskatu nion, hori ere ez da batere originala, musu truk. Hark baietz, gustura egingo zuela eta horrela jarri ginen martxan, filmeetan bezala; sormen eta elkartasun txinparten artean. Yin eta yan, alde batean Gaztelupekoena eta bestean Mattinen borondatea.

Argiako garaietatik etengabea izan zen Mattin eta bion arteko harremana. Bigarren maketaren diseinua egin, komiki bat prestatu "Amodio istorioa (zipaio laztana)" kantuarentzat, karikaturak, txartelak... Handia izan da Morauri Mattinek egin dion ekarpen grafikoa. Horretaz gain, urte hauetan bilakaera etengabean jarraitu duen artista da eta, uste dut, elkar miresten jarraitzen dugula . Oso erraz egiten dute bat gure mundu onirikoek , agian, antzeko begirada erdi samur erdi zinikoarekin begiratzen diogulako inguruari. Horregatik, ez da harritzekoa laugarren diskorako (hirugarren disko luzea) enkargua hari egitea. Erditik erdira asmatu nuen, emaitza ikusgarria izan zen.

Sosei zegokionez, ez zegoen besterik, errealitatea onartu behar. Zertan ibiliko nintzen artista "madarikatuaren" plantak egiten (neu gabe ere, mundua merezi dutena baino askoz ere zorte okerragoa duten artistez beteta dago). Bestalde, oso normala zen urte batzuk lehenagotik diskoetxeek eta artistek gastuak elkarbanatzea. Formula ezberdinak zeuden, aurrekontu bat egin eta gastuen zati bat ordaindu, diskoetxea bakarrik kobertura "legalerako" eta banaketarako erabili eta diskoa osotasunean musikariak ordaindu. Normalena, dena dela, musikariak grabazioa ordaintzea zen eta diskoetxea berriz edizioaz eta publikazioaz arduratzea. Horren truke musikariak aurretik hitzartutako disko kopuru bat jasotzen zuen, salduz gero jarritako dirua berreskuratzen lagunduko ziona. Horixe izan zen egin genuena. Motoa, nire Honda CB250 kutuna, saldu nuen, eskuratutako diruarekin nire aurrezki apurrak osatu eta jada, banuen disko berriari aurre egiteko adina.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons