Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 14. kapitulua

bio14a

Zergatik ote da hain zaila bateria jotzaileak lortzea?

Diskoa kaleratu genuen, artean, azken orduan Izaskun Olanok egindako azalaren aldaketa barne. Ez dut inon topatzen azala originala! Lastima, lan ederra egin zuen Izaskunek diskoaren diseinuan. Zuzenekoek betiko martxan jarraitzen zuten, ez ziren falta emanaldiak eta, beraz, alde horretatik ongi. Taula gainera Josu, Beñardo eta hirurok igotzen ginen, baxurik gabe eta askotan jotzen genuen garaiko euskal artista ezagunagoen telonero gisara; Petti, Joxe Ripiau... Beraz bagenekien zer zen oholtza handietan jotzea, gero eta hobeto moldatzen ginen eta disfrutatzen genuen, nahiz eta Beñardok, horretan ere, beti eduki zer esanik. Elkarren arteko estimazioa asko igo zen atzera eta aurrera egindako bidaietan, ordu asko egin genituen elkarrekin eta horrek on egin zigun. Kolpe gogorra izan zen Josuk lan kontuak medio taldea utziko zuela esan zigunean. Ez zegoen atzera bueltarik, beste bateria jotzaile bat bilatu behar , bai zuzenekoetarako eta, baita kantu berriak prestatu eta disko berria osatzen hasteko ere. Bai, disko berria. Rockaren beste lege batek hauxe dio; madarikazioaren bigarrenaren ondoren erredentzioaren hirugarrena dator. Horretarako adorea bildu eta diskoetxea konbentzitzea lortuz gero, jakina.

Orain bagenekien zer nolako lana den disko bat grabatzea. Ez fidatu gehiegi estudioan disfrutatzen dutela esaten duten musikariekin, prentsari esan beharreko klitxe bat da, ez beterik. Hori dioten musikariak beste arraza batekoak dira edo beste mundu batean bizi dira edota geu ibili ez garen lekuetan, baldintzetan eta bitartekoekin aritu dira. Besteok sufritu egiten dugu. Ikusi al duzue Marathon Man filma? Bertako protagonistak filma osoa korrika ematen du bere atzetik dabiltzan ezezagun batzuei iheska, zergatia jakin gabe, gero eta galduago, gero eta nekatuago, gero eta eroago. Bada, antzeko zerbait gertatzen zait niri grabazio estudioetan, helburura hurbiltzen baino, helburutik urrutiratzen ari naizen sentsazio mikatza edukitzen dut, aurrera joan ahala iparrorratza galdu izanaren uste osoa. Horri gehitzen badiogu, gero hainbeste luzatzen den proiektu batean gertatzen diren ezustekoak eta eragiten dituzten gora beherak! Uuufa, ulertuko duzue zergatik gutxienez lau urte uzten ditudan disko eta disko artean. Aurrekotik arnasa hartzeko. Zuzenean grabatutako diskoa litzateke Morauren diskorik perfektuena.

Baina jarrai dezagun musikarien dantzarekin. Agur Josu eta ongi etorri Mendia. Igor Mendia, talde hevyetan aritutako Astigarragako bateria jotzaile gaztea hasi zen taldean. Artean emanaldiak dezente urritu ziren eta sortzen zirenean bakarka edo Beñardorekin batera burutzen genituen. Horrela denbora eduki genuen, teknika ona, baina musikalki gugandik urruti xamar zebilen bateriarekin lanean hasteko. Mendiarekin batera Jexux kide finkoa bihurtu zen taldean eta horrela osatu zen hurrengo 7 urteetan ariko zen formazio egonkorra. Horrela sortu zen Agotak taldea.

bio14b

Beste gauza askoren artean Beñardoren insistentziari zor zaio akonpañamendu taldeari izena jartzearena. Hamaika aldiz eta hamaika egoeratan errepikatu zidan; "Neil Young eta Crazy Horse, Tom Petty eta Heartbreakers, Loquillo eta Trogloditak...- Beñardo ez da oso ona izan sekula "konparazioak" egiten- geuk ere izen bat behar diagu, Morau eta...". Azkenean amore eman eta izen posible baten bila hasi nintzen. Lehenengoak; Bihotz Hautsiak, bihotz bakartiak, eta antzekoak.... Morau eta Bihotz Bakartiak? Hori lerdokeria! Ondoren hitz bakarrekoak etorri ziren; Morau eta Goseteak, Morau eta Astelehenak... Gero eta okerrago. Eskerrak ez nizkien komentatzen ideiak beste hiruei, neure baitan gordetzen nituen, bestela ederra saltsa. Ez nuen uste hain zaila izan zitekeenik. Hilabete parea igaro zen eta nahiko etsita nengoenean, igande eguerdi batean ogia eta GARA erostera etxetik atera nintzen eta Zazpikan, to! Agoteen gaineko erreportajea. Ustekabean, gauza onak gertatzen diren moduan, argia ikusi nuen, kasik izena neu aukeratu izan banindu bezala; hemendik aurrera Morau ta Agotak izango gara.

Mendiak sekulako gogoa jarri zion eta gainera bazuen entsaiatzeko erabil genezakeen garaje bat. Haren aitaren autoa atera eta geu sartu entsaiatzera. Bertan ordu dezente sartu genituen eta oso kimika ona lortu genuela esan behar. Deshasarretzeko gaitasun bikaina geneukan eta asko ziren Jexux, Beñardo eta hirurok lotzen gintuzten kontuak. Gero eta gehiago, ezagutu ahala. Mendia gazteagoa zen eta, askotan, behiak trenari bezala begiratzen gintuen. Baina ahalegin handia egin zuen eta bere modura ere asko disfrutatu zuela esango nuke hiru agure zahar, egoskor, ardozale eta hitzontzion alboan. Diskoak grabatzea ez bezala, asko gustatzen zait kantuak entsaio lokalean gauzatzen joatearen prozesua. Asko jasotzen duzu, ezustekoak hartzen dituzu eta buruan daukazunari hainbat forma emateko aukera daukazu.

Kantuan prozesua oso sinplea zen. Neuk kantuak egin eta egindakoaren zirriborroa aurkezten nien besteei larunbat goizetako entsegu saio luzeetan. Ideia zehatzen bat banuen, bota, eta lanean hasi. Normalean kantua jotzen hasten nintzen eta haiek segika. Jo ahala, hasierako kaosa definitzen hasten zen eta zerbait itxurosoa geneukanean, eztabaidatzen hasten ginen, hau horrela, hori bestela,... askotan nire kalitatezko botoa erabili behar izan nuen adostasun batera iristen ez ginela ikusirik. Gero horren araberako moldaketak gauzatu eta segi kantua jotzen, nekatu edota guztiok asetzeko moduko zerbait lortzen genuen arte. Azkenik, gauzak bere onera ekartzeko baxoerdi eta pintxo bana poligonoko tabernan, basera eramateko ogitartekoen bila etorritako zipaioen artean. Giro ederra bakea sinatzeko, ene!

Horrela aritu ginen lauzpabost hilabetetan, berriro ere, dozena bat kantu bildu genituen arte. Haiekin maketa bat grabatu genuen Goizuetako Txukalda baserrian, Jexuxen anaia Txofo eta Toto, musika zaletasunak harrapatutako okinaren laguntza handiarekin. Asteburu batean burutu genuen, topikoa dirudien arren giro bikainean (bapo jan eta edan, gutxi lo egin eta ordu mordoa grabatzen emanda). Gero etorri ziren komeriak maketarekin diskoetxera joan ginenean.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons