Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 13. kapitulua

bio13a

Countrya, zer da hori?

Gauzak, ongi bidean zeudenez, gogor ekin genion lanari eta handik hilabete batzuetara dagoeneko bagenuen diskoratzeko kantu sorta ederra. Ezer baino lehen maketa grabatu genuen kantu berriekin Putrek sortu berri zituen Batxurizopa estudioetan. Estudioak espazio itxi eta txikiak izan ohi dira musikari pobreontzat, beraz, asko ikasi genuen elkarbizitzaren gainean aste buru horretan. Beñardo eta biok elkarren egoskorkeriari tamaina hartzen hasi ginen, Josuren pazientzia eta sen musikala ezagutu genuen eta Putreren eskuzabaltasunaz aprobetxatu ginen, berriro ere. Maketa eta ondoren diskoa, bigarren disko "madarikatua".

Bada kondaira moduko bat bigarren diskoen gainean. Musikari eta musikazaleok ahopeka aipatzen dugu tabernak ixten hasi eta etxerako bidea hartzen dugunean, ordu txikietan eta inoren arrimuan, badaezpada ere. kondaira horren arabera, bigaren diskoak gertatzen dira talde askoren hilobi artistikoa, batzuetan gainditzen kosta eta besteetan taldea gainbeherara daraman zulo beltz moduko bat. Hori gertatzen zaie, batez ere, lehen diskoarekin arrakasta dezentekoa lortzen dutenei. Dagoeneko ez dira hasberriak, entzule mordoa dute haiei begira eta musikarientzat erronka lazgarria bilakatzen da lehen diskoaren arrakasta gainditzea eta, bide batez, haien heldutasuna aldarrikatzea. Badakite eta, hala eta guztiz ere, horretan saiatzen dira, kondena madarikatua balitz bezala. Gainera, lehen diskoek, freskotasunean, ezustean, dute baliorik nabarmenena, bigarrenean ezinezkoa da efektu bera errepikatzea, beste balio batzuk gehitu behar zaizkio; heldutasuna, esperientzia, kalitate teknikoa. Artista puska izan behar du bigarren diskoarekin entzulea txunditzeko gai gertatzen dena.

Aurrekariak ikusita bete betean harrapatu ninduen madarikazioak eta kolpeka ari nintzen bigarren disko hori aurrera ateratzeko. Eskerrak ez genuen lehenengoarekin arrakasta handiegirik erdietsi, arrakastaren tamainakoa izaten baita madarikazioaren zama. Eskerrak Beñardo, Josu eta Putre bezalako lagunei eta azken aldian, hauek bai, azken hiru urteetan hazi eta heldutasunera iritsia zen Gaztelupeko Hotsak diskoetxekoei Moraurengan geratzen zitzaien konfiantza apurrari. Horrela erditu genuen, guztien artean, eta nora eza estilistiko eta bital galantarekin "Amodio Domestikoak" (Gaztelupeko hotsak, 2000) diskoa.

bio13bLehen urrats mikatzak alde batera utzita, oso sentsazio gazi gozoa utzi zidan disko honek. Kaleratutakoen artean konplexuena da eta bide asko zabaltzen baditu ere gehienetan, beste zerbaiten ateetan geratzen dela iruditzen zait. Beñardoren bidez jasotako country eta folk ukituak oso nabariak dira, horretaz gain badira, ohikoa denez kantu azido eta deigarriak, une intimistagoak, euskal klasikoren baten bertsioa eta esperimentazioaren ondoko geltokian geratu daitekeen piezaren bat edo beste. Kontuan hartu ia 70 minutu irauten duela diskoak eta, horrek, ahalegin handia eskatu zigula estudioan grabatzerako orduan, eta, bereziki, nahasketetan. Horretaz gain, baxurik gabe prestatutako kantuak dira eta, beraz, bateria eta gitarrak etengabeko "duelo" batean ari direla ematen du... elkarlanean ongi moldatu arren, elkarrekin denbora gutxiegi daramagun lagunen emaitza da. Nolanahi ere, maketan ezagutzen hasi eta diskoan, benetan, ikasi genuen zer zen elkarbizitza.

Berako harrobiarekin harremanetan hasia nintzenez, ez da harritzekoa Maikel izatea tekniko eta Pettik parte hartu izana diskoan. Horretaz gain, Joseba Irazokik anplia utzi zion Beñardori eta, kasualitatea, lehen saioan balbula bat erre zitzaion, ba al dakizue zein garestiak diren Vox anpli originalen balbulak? Ederki hasi ginen. Grabaketa Usurbilen eta nahasketak Beran egin genituen eta artean oraindik kontserbatorioan zegoen Maite Arroitajauregik jo zuen txeloa kantu pare batean eta gurekin etorri zen hipermerkatura erosketak egitera eta giroa grabatzera mini disk eramangarri batekin... Ongi pasatzen ahalegintzen ginen.

Diskoa gazi gozoa gertatu zitzaidala aipatu dut eta, pixka bat zehazte arren, alde gozoan kokatuko nituzke; lehendik tekniko gisara ezagutu, baina gurekin baxua jotzera lehen aldiz etorri eta betiko geratu zen Jexux Agirresarobe erreklutatu izana, beste egoskor maitagarri bat. Horretaz gain, nire buruan konfiantza berreskuratu izana eta azkenik Berakoekin harremanak estutzeko modua gertatzea, handik aurrera bisita ugari egingo nituen Bortzirietara.

Alde "gazian", berriz, jarri beharko Maikelen etxeko ganbara txikian, nahasketa lanetan ari ginela, Beñardorekin kalakan eta eztabaidan emandako orduak. Ordu mordo bat, kantuak behin eta berriro entzuten, kasik erotzeraino, ea nola lortu adostasuna..., nekagarria, asaldagarria, denbora eta ahalegina xahutzeko modua, benetan. Bukatutakoan, igande gauean, kamioiek Behobia munstroen parada bilakatzen duten orduan, autoan, bakarrik (ah! autoa gidatzeko baimena lortua nuen eta aitaren Polo gorri txiki bat erabiltzen nuen), buruak bi tonako pisua hartua eta gogoa erretxindua nindoala, zin egin nion nire buruari ez nuela berriro halako "kalbariorik" igaroko. Hori ere, ziurrenik, norbaitek esana zidan lehenago; "musikariak nahasketetan bazterrak baino ez dituzte nahasten". Noski ez nion kasurik egin, neuk ere lehengo lepotik burua!

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons