Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 12. kapitulua

bio12aBeñardoren
miraria

Bien bitartean Ubeda anaiek Bide Ertzean egitasmoari ekin zioten, handik gutxira desegin zuten Deabruak Teilatuetan. Haien lehen maxia, gure "Kantu galduak" maxiaren garai bertsuan kaleratu zuten. Nahiko lanpetuta zeuden, hala eta guztiz ere, haiekin hasi nintzen hurrengo diskorako izango ziren kantuak prestatzen. Kantu berri sorta bat neukan eta jantzi beharra zegoen musikalki, hori dela eta, diskoan parte hartu zuten musikariengana jo nuen, Josu Gabellanesek (Uncle Mussels) hartu zuelarik Iñigok baterian utzitako lekua. Guztion borondate ona ez zen aski izan eta oso prozesu frustantea gertatu zen, ezer gutxi eman zuen alperrikako ahalegina, hitz goxoak eta hutsa. Neuk holaxe gogoratzen dut; ordu mordo bat entsaio lokalaren atarian zain, gero eta nabariagoa zen konpromisozko lana eta kafe zein esaldi labur batean bildu daitekeen despedida; aio. Josu eta biok bakarrik geratu ginen, autoestima nahiko ukitua, guztia esan beharra badago, baina aurrera jotzeko gogoarekin. Uste dut DJ bezala jasotzen nituen pozekin estaltzen nuela kantautore ibilbidean jasotako frustrazioa. Hala ere, ez gaitezen dramatikoegi jarri, musikaririk gabe, entsegutarako lokalik gabe, ekiporik gabe eta furgonetarik gabe, baina ez ginen geratu, zer da hori beroketa globalak mehatxatutako munduarentzat?

Beno. Zirt edo zart egin beharra zegoen. Lehenik eta behin, beste musikari bat behar genuen eta, noski, berriro ere, lagunen telefonoen agenda atera eta duela urte batzuk Lesakan ezagutu nuen neu baino musikazalegoa eta, kasik, adituagoa zen Beñardo Goietxe (Noise Hole) beratarrarekin jarri nintzen harremanetan. Nire ibilbide musikalean egin dudan gauzarik hoberena. Esan daiteke gurea "fletxazoa" izan zela, topikoei jarraituz, ezagutu bezain laster primeran konektatu baikenuen, Lesakako hartan, ordea, ezin imajinatu zer nolako harreman estua lortuko genuen, orduan Matxinbeltzenean Montoia eta bion emanaldia antolatu zuen tipo jator eta arduratsua zen. Telefonoz deitu eta Beran geratu ginen. Hura ez zela gitarrista, kantaria baizik baina proba egingo genuela, epel batekin agurtu ginen lehen zita hartatik 13 urte igaro dira. Nire lagunik onenetakoa bilakatu da, entziklopedia bat osatzeko abentura eta desbenturak bildu ditugu, haserretu garenean musikak salbatu gaitu eta bera, bere kasa, musikari gisara hazi egin da EHko musikaririk gartsuenetako bat bilakatu den arte. Zorionez, inor gutxi konturatu da azken honetaz, bestela, konpetentziak kontratu hobeagoa eskaini eta Morau, berriro bakarrik legoke kale bazterrean. Xalbador eta Mattin, Abott eta Costello, Tip eta Coll, Tarzan eta Cheeta, Leontzio eta Triston... Morau eta Beñardo. Bikote orijinala.

Gitarra jotzaile berriarena konpontzeko bidean, bestelako kontu praktikoak lotu behar ziren. Entsaiatzeko lokalarena nola edo hala moldatu genuen, Berako Aduanan, Tunk aretoan orduka alokatutako lokalean eta Astigarragako kutur etxean aritu ginen ahal bezala eta ahal genuen ekipoarekin. Ibilgailuarena ere konponduta, biek zuten autoa, neuk artean motoa baino ez nuen, eta harekin ibiltzen nintzen gitarra bizkarrean edo albo batean lotuta. Abentura txiki bat kontatuko dizuet. Oraindik gogoan dut nolako aurpegia jarri zuten goizaldeko bostetan Martin Ugalde parkea baino pixka bat aurrerago, Xoxoka heldu baino lehenagoko bazter ilun batean gelditu ninduten txapelokerrek. "Buenas noches" eta dokumentazioa eskatu ondoren, mototik jaitsarazi gabe, karretera erdian, galdeketa:

- ¿De donde viene?
- De Vitoria.
- ¿Qué lleva ahí? - Moto txikiaren (CB 250) albo batean gora begira lotuta zegoen eta kasik motoa baino handiagoa zen fardela seinalatuz.
- La guitarra.
- ¿Qué ha estado haciendo?
- Tocando con unos amigos.
- ¿Tiene algún familiar que haya estado en la carcel?
- Que yo sepa no. -EHn sekula ez dakizu-.
- Puede continuar.

bio12bMiraria, ez zidaten gitarra askatu, ezta zabalarazi ere, ez ninduten bazterrean jaitsarazi. Ez, haien aurpegi aluzinatuak imajinatzen nituen esker eskubitik apuntatzen ninduten bi linternen gainean, jota dagoen jendeak errespetua merezi duela hobetsiko zuten eta hala... aire! Bost minututan konpondutzat eman zuten goizeko bostetan eta inor pasatzen ez zen leku hartan, nahiko esperientzia traumatikoa gerta zitekeen ordu luzeko auzia. Horiek buruan nituela urrutiratu nintzen handik, poliki, badaezpada ere, txapelokerren umorea nahiko aldakorra gertatzen baita, eta gauza jakina da, ordu horietan oso "bromazaleak" direla. Hortik abiatuta, edo, hasi nintzen pentsatzen hura ez zela kantautore bat munduan ibiltzeko modua. Auto karneta eskuratu behar nuen.

Beñardo erreklutatu, autoa gidatzeko karneta lortzearen bidean jarri eta gainera "krisi" harek Ubedatarrekin landutako kantuak sakon berraztertzeko beta eman zidan. Horretan ere akuilu izan nuen Xarraren iritzia, berak aholkatu baizidan, eta neuk behingoz kasu egin, kantu haiei buelta batzuk emateko. Toñori laguntza eskatu eta harekin izan ondoren, zalantza izpirik gabe gehienak zakarrontzira bota nituen, inongo gupidarik gabe. Denborarekin ohartu naiz zama moduko bat kendu nuela gainetik, presaka egindako kantuak ziren, arima askorik gabekoak. Krisiak holakoak izaten dira, katarsi txiki bat.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons