Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 11. kapitulua

bio11a

Nork daki zenbat balio duen koka kola lata batek Iruñean?

Lehen kantu eta diskoarekin lortutako arrakasta aipatzerakoan, ziurrenik, ez naiz oso justua izan nire buruarekin. Esan behar dut egindako lehen kantu haien artean, pare batek harrera beroa jaso zutela entzuleen artean. Hainbestekoa, non, oraindik kasik 20 urte pasatu eta gero, zuzenekoetan ari naizelarik, "Koka kola lata bat" irrintzia botatzen duen norbait izaten baita, eta ez tripetako orroak esnatzen dituen edabea dastatu nahi duelako (Morauren zaleen artean garagardo edota ardo zale gehiago dagoela uste dut), kantu hori entzun nahi duelako, baizik.

Lehenik eta behin, jakin ezazue "Koka Kola lata bat" ez dela kantuaren izenburua, berez, "Nork Daki" izena baitu. Leloa da Koka Kola aipatzen duena. Jendeak, ordea, beste askotan bezala, seinale ona da, leloa bilakatzen du kantuaren izenburu; eta halaxe, "Koka Kola lata bat" bihurtu da Morauzaleen gerra oihurik ezagunena. Zenbat adarjotze ez ote ditut jaso botikario yanki batek ajea pasatzen laguntzeko asmatutako edari horren gainean.

Oso kuriosoa da kantuekin gertatzen dena. Gaia serioa da eta aspalditik nuen buruan, langileria, kontsumoa, enpresariak, irabaziak... baina ez nuen asmatzen nola gauzatu. Saiatuta ere ez nuen lortzen ezer txukuna idazterik. Askotan gertatzen zait hori, oso gai interesgarriak eta baita haren gaineko ideia batzuk ere, baina ezin gauzatu. Badakizu gutxi gora behera zer esan nahi duzun; baina, behin eta berriro saiatuta ere, ez duzu lortzen zure burua asetzen duen ezer idazterik. Horrelakoetan oso teknika erraza erabiltzen dut. Lehenik eta behin, burua ahalik eta zurien uzten saiatzen naiz, hori behin lortuta, paperaren aurrean jarri eta ahalik eta "automatikoen" idazten hasten naiz (idazkera automatikoa zioten surrealistek). Saiatzen naiz tarterik ez egiten eta ahalik eta gehien idazten. Ondoren, lehen idazketa hori bukatutakoan, dator idatzitakoaren orrazketa. Batzuetan idatzitako gehiena da erabilgarri. Beste batzuetan, utikan, zaborrontzira doa hitz eta lerro bakoitza.

"Nork Daki" kantuaren hitza lehen saiakeran idatzi nuen eta ez nintzen gelditu azken estrofa arte. Etorkin batek idazten duen gutunarekin hasten da eta ez dakit oso ongi nola bukatzen den. Baina erraza egin zitzaidan kantua idaztea eta, baita ondoren ere musika osatzea. Agi denez, ideia ona izan zen leloan koka kola eta utopia uztartzea. Poz handiak eman dizkidan kantua da, nahiz eta, garai batean gorrotatu, batez ere, kantu berriak eta hura baino "hobeak" egin ahala jendea hamaika aldiz entzun duen hori eskatzen setatzen delako. Baina zer egingo diogu ba, Morauren "mega arrakastak" dira hauek! Gainera, nola gorrotatu Balerdi Balerdi taldeak "Hobe Behin Gorri..." (Gor, 2004) diskoan egindako bertsioan parte hartu ahal izatea ahalbidetu didan kantua.

bio11bArestian aipatu dut musikariz inguratuta eman dudala bizitza osoa. Asko, jakina, kantatzen hasita ezagututakoak dira, agian lehendik ere miretsi baina haiekin hitz erdi bat elkartrukatu gabekoak. Kategoria horretakoak dira Balerdi Balerdiko Zara, Blanka eta Toño. Historiak, ordea, baditu hainbat aurrekari eta gainera zer ikusi gutxi dutenak musikarekin, bai ordea, komikiarekin, berez, Bartzelonako komiki azokan ezagutu bainuen Zara, garai hartan TMEO fanzinearen "talde eragileko" kide zena. Urte hartan, TMEOk estatuko fanzine hoberenaren saria jaso zuen, Koldo eta biok EGIN irratirako kronikak egitera joan ginen eta hari elkarrizketa egitea suertatu zitzaigun. Inoiz egindako elkarrizketa surrealistenetako bat izan zen, Kataluniako Ramblaren amaieran zegoen taberna-kafetegi zaratatsu baten mahaian eserita, Zara ezagutzen duzuenok badakizue zer nolako zirikatzailea den. Horiek izan ziren gure artean egindako lehen hitzak, artean, neu gitarrarekin hasi berria nintzen, besterik ez. Umore handiko tipoa, argia, saiatua, popzalea eta gainera komikia maite zuena. Nola ez bada "maitemindu"?

Eszenatokia batzuetan konpartitu genuen arren, oraindik urte batzuk geratzen ziren horretarako eta, bigarrenik, topo egin nuen Zararekin. Oraingo honetan, berriro ere, musikarekin zer ikusirik ez zuen kontu batean. Neuk motoa erosi baino lehen, Madrileko ezagun batek, kanpora zihoala eta berea "utzi" zidan, Ducati Road 300 zahar, historiko eta eder bat. Hura martxan jartzea lortuz gero, erabiltzeko esan zidan, eta halaxe egin nuen. Moto hura probatzeko txangoa egin genuen Nekane eta biok. Goizuetatik barrena Doneztebera jaitsi eta Lesakatik Oiartzunera joateko asmoarekin. Euriak harrapatu gintuen Basakabitik behera eta Zubietako ostatuan gelditu ginen pixka bat lehortu eta mokadu bat jateko asmotan. Ezetz asmatu nor topatu genuen ostatuko barraren bestaldean? Zara, eta nor mahaiak zerbitzatzen jangelan? Blanka. Hitz aspertua egin genuen bazkalondoren eta gure artean sintonia "berezia" zegoela pentsatuz, motoa hartu genuen berriro handik ordu batzuetara txangoa bukatzeko asmotan.

Denbora kontua zen eszenatokia konpartitzea eta hura handik urtebetera edo gertatu zen, Totok Añorgako zineman antolatutako jaialdi gogoangarri baten harira. Balerdiz gain, Pottokak eta hirurok jotzen genuen, felizidadea! Gau berean Toño, EHko kantugilerik bikain eta herabetienetako bat, eta Pottoka, artista puska natural eta eskuzabala ezagutzea. Nire bakarkako lehen kontzertuetako bat izan zen, hirugarren edo laugarrena, eta behin baino gehiagotan sartu nuen hanka. Ordurartekoa gutxi balitz, emanaldia bukatuta, Toñok aholku garrantzitsu batzuk eman zizkidan, umiltasun osoz, sekula ahaztu ez eta oso praktikoak gertatu zaizkidanak oholtza gainean egin beharrekoen gainean.

Zenbatzen hasita, ez pentsa hainbestetan konpartitu dugunik eszenatokia. Uste dut hamar bat aldiz jo dugula elkarrekin azken urte hauetan. Baina musikatik ez bada, beste bide batzuetatik topo egin izan dugu nahiko jarraian eta horrela haiekiko errespetu eta miresmen musikala adiskidetasun bihurtu da, adiskidetasun sendoa. Toñok, Añorgakotik urte batzuetara laguntza estimagarria eman zidan bigarren diskoa bideratzeko (12. kapitulua), aurrerago haiek "Nork Daki" kantuaren bertsioa grabatu zuten eta grabaketan parte hartzeko aukera eman zidaten, nire karrera (kar, kar, kar) musikalaren unerik gozoenetako bat eskainiz. Ahal izan dugunean elkarren emanaldietara joan izan gara, nahiz eta, emanaldia Opuseko unibertsitatearen paraninfoan izan, zainketa kamarak eta "seguratak" inguraturik (benetakoa).

Laburbiltzeko, harro nago, oso harro EHko pop-rock talderik hoberenetako baten konplizea izateaz eta bertakoen laguna izateaz. Bueltatu gaitezen, dena dela, istorioaren harira.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons