Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 10. kapitulua

bio10a


Kantautore Dja

Diskoaren martxa nola halakoa gertatu zen, zuzenekoena, berriz, gero eta hobeto. Hiru formatutan aritzen nintzen; bakarka, Joxirekin eta taldearekin (Joni eta Iñigo). Emanaldiak ez ziren falta eta oso ohikoa zen gure izena asteburuetako agendetan agertzea. Baina, bakoitzak bere bidea hartu zuela eta bakarrik, edo hobe esateko Txabirekin geratu nintzen azkenean.

Txabi Labaien, Gaztelupe tabernan ezagututako pertsonaia "multidisziplinarra" zen. Piano jotzailea, kantaria eta musika teknikari fina. Lanak eraginda edo, Lisker plaza taldeko musikaria zen, desorduetan aritzen ohitutako gautxoria, eta Peugeot 504 autoak maite zituena. Hura bilakatu zen nire soinu teknikari ofiziala. Garai hartan hartutako erabakietan nire ibilbide musikalari mesede egingo zion erabaki bakarretakoa izan zen etxeko soinu teknikaria nirekin eramatea emanaldi guztietara. Jendeak ez duenez ezberdintzen "zer gaizki entzuten den" eta "zer txarra den" esaldien artean, behintzat, bidea erraztu behar zitzaien ongi entzungo zela ziurtatuz eta, benetan, artistaren kalitatearen esku utziz emanaldiaren arrakastaren gakoa.

bio10bZenbat leku ez ote genuen ezagutu elkarrekin hurrengo bizpahiru urteetan! Hamaika buruhaustetik atera gintuen Txabiren jakinduria eta ezerezetik mirariak egiteko gaitasun proberbialak. Hark egin zituen tekniko lanak hurrengo diskoan "Kantu galduak" maxian (Gaztelupeko Hotsak, 1998). Bertan aurreko diskoan kanpoan geratutako kantu batzuk berreskuratu nituen modu akustikoan. Joxiren laguntzaz gain, aipagarria, batik bat, Joseba Tapia eta ñaco Goñik egindako ekarpenak. Disko polita da, kutuna niretzat, ziurrenik, hurbilago zegoelako neuk egin nahi nuenetik. Jose Afonsoren bertsio bat egin nuen eta bere txikitasunean askoz ere zintzoagoa Moraurekiko. Diskoak ez zuen ibilbide luzeegirik eduki, mordoxka bat egongo dira oraindik Gaztelupekoen biltegian!

Zuzenekoak ongi, asko kostata baina ohikoa zen jendeak bis bat baino gehiago eskatzea, seinale ona edozein musikarirentzat eta asteburuetako martxa gero eta eroagoa. Garai hartan hartu nuen beste erabaki musikal batek asko puztu zidan agenda, nahiz eta zer ikusirik ez eduki kantautoreen kontuekin. Berriro ere musika zaletasunak bultzaturik, hainbat tentaldi jaso ondoren, argia ikusi (90eko hamarkada amaiera zen, musika elektronikoaren urrezko aroa) eta DJ gisara ere arituko nintzela erabaki nuen. Erabaki horretan eragina eduki zuten, lehenik eta behin, neu Herri Irratitik kaleratu izana (EGIN irratia utzita hiru urtez aritu nintzen bertan Hegoaldeko Ostatua musika saioa egiten) non bete beraz nire apostolatu musikala? Begiak zabaldu zizkidan Montoia ere DJ gisara aritzeak (DJ Zulle), haren bidez beste modura ikusten hasi nintzen musika elektronikoa. Horretaz gain, nahitaezkoak izan ziren Gaztelupe tabernan neure lehen saiakerak egitea festa izugarri bihurtu ziren gau afrikar pare batean eta, azkenik, aukera perfektua Aitorrek taberna edukitzea Hernaniko Andrakalean (bere mojitoengatik ezaguna den Apeadero taberna). Sartu arrazoi horiek guztiak Morauren kaskoan, nahastu ongi eta hala sortu zen hurrengo 12 urteetan ostiraleroko jarduna bihurtuko zen musika jartzea. Bai, bai, ostiralero leku berean.

bio10cBezeroek Apeadero beste musika batzuekin dantzatzeko leku aproposa zela ikastea lortu genuen, pazientziaz eta "ez, ez dut La Polla jarriko" askoren artean. Horrela gertatzen hasi zen ostiraleroko mirari txiki hori; jendea Gato Perezekin dantzan jartzea Hernaniko andrakalean. Ez zen ostiralero gertatzen, baina gau askotan ke eta izerdi artean, musika ona ozen dastatzen, sei eta zazpi ordu luzatu zitezkeen sesioetan, nekeak eta alkoholak lausotua inoizko pertsonarik zoriontsuenetakoa bilakatzen nintzen segundo bakar batez. Garai hartan, sesio askotan lagun eta konpintxe musikal izan nuen Aritz Sound System, euskal DJen aitzindarietako bati esker ofizioa pixka bat ikasten nuen eta gero tabernan probak egiten nituen, hau honen atzetik, bestea honekin nahastu. Musikarekiko gustuarekin, estilo ezberdinak nahasteko lotsa ezarekin eta publikoaren ezagutza eta konplizitatearekin estaltzen nuen nire DJ teknika eskasa. Jende askok ongi gogoan ditu oraindik gau horiek. Baina ezer ez da betiko. Hasi bezala utzi nion DJ lanari, ordu betez gustura aritu eta ondorengo bostak tirriki-tarraka igarotzen nituela ikusi nuenean, inork esan gabe ere, ohartu nintzen bazela jardun hori uzteko garaia. Baina hori handik urte batzuetara gertatu zen.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons