Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Biografia - 1. kapitulua

Musikazalea bai, musikaria ez

bio1Musika eta musikariz inguratuta eman dut bizitza. Musikari asko ezagutu dut eta baita haietako batzuk estimatzen ikasi ere, harri azpietan musikazaleak topatzen eta haiekin "bizioa" (musikazaletasuna, ez pentsatu gaizki) partekatzen ikasi dut. Egia da, ezin naiz kexatu, begiak itxi eta kantu on batek oilo larrua eragiten didan bitartean, bederen. Nahiago dut isiltasuna inspiraziorik gabeko musika baino, eta sutara bidaliko nituzke autobusean sakelako telefonoa musika ozen entzuteko erabiltzen dituzten guztiak. Bai horrela da... eta espero dut hala izatea, baita zahartzaroan ere. Badira urte batzuk, kostata baina zahartzaroa hitza ahoskatzen hasi nintzela, entrenatzeko modu bat da, badaezpada.

Ez da harritzekoa, beraz, neu musikazale amorratua izatea. Musikari izatearena, ordea, istripu moduko bat da, lehen solfeo eskola probatu eta irakaslearen lasaitasunerako berriro ez itzultzea erabaki nuenean, ez nuen uste inoiz neu kantari... bihurtuko nintzenik. Kantari hitzari adjektiboren bat lotzen saiatu naiz, baina burura etorri zaizkidan guztiak; ezaguna, kutuna, maitagarria, xelebrea... ez zaizkit oso baliagarriak iruditu).

Horrela gertatu da ordea, eta kanpalekuetako sutondoan gitarraren laguntzaz, kantu hippiak kantatzen zituen lagun ilehori, guapo eta lerdenari koroak nahiko modu eskasean egiteaz gain. Neil Young, David Bowie, Hilario Camacho, Silvio Rodriguez eta Bob Dylanen bertsioak txikitzen hain laguntza estimagarria eman ondoren. Gitarra espainol zaharrak gupidagabe zigortzen ibili eta gero, neu gertatu naiz lagun musikarien artean ibilbide diskografiko handiena burutu duena. Nork esan hori duela urte batzuk. Horrekin, ziurrenik, oso metafora euskalduna burutu dezakegu, nola ahaleginaren eta egoskorkeriaren bidez lortu zuen musikarako dohain agerikoak ez zituen norbaitek lekutxo bat euskal musikaren entziklopedian.

Egia da neure kabuz ikasi dudala ahotsari etekina ateratzen eta, batez ere, eskuratu ditudala gitarraz ditudan oinarrizko nozio horiek. Beno, ene kabuz eta, gehienetan, lagunen pazientzia agortezinari tiraka. Ez galdetu nola egiten den elementu horiek erabilita kantu onak egiteko, kantu onen bat egitea lortzen dudanean azalduko dizuet. Bien bitartean, orain arte bezala, kantuak egiten jarraitzeko asmo dut, lotsagabe eta ahal bada konplexurik gabe, badakizue, mundua kantu bat idazteko gai ez diren musikari "jantziz" beteta dago, horregatik, ustela litzateke jasotako dohain moduko hau alferrik galtzea. Aurrerago kontatuko dizuet zer gertatu zitzaidan ahotsa "hezteko" ikastaro batean izena eman nuenean.

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons