Arrainentzako Himnoak

Hemen zaude:

Azalpena

arrainpegata Kantu txikiak idatziko ditut
patrikan gordetzeko modukoak
behatzen artean irristatuko diren
garraio publikorako kantuak
eta galtzen badira ongi
eta urratzen badira hobeto
belarrira kantatzeko kantuak izango dira
arrainentzako himnoak
beti berandu heltzen direnek
soinean eraman ditzaketenak

agian orain lortuko ditut
garbigaluetarako aproposak diren kantuak
inon leku gutxi beharko dutenak
errepide alboko paisaia lausoak
eskuz kateatuak
errudunentzako baltsak
errugabeentzako polkak
kafearekin hartzekoak
auzo goiztiarren maitasun kantuak
isilpekoak baina ez ezkutuan

ez dute zainketarik beharko
ez baitira sekula haziko
zokoren baten hondarrean
hurrengo aldira arte
eta horrela izango dira
opera berrerabilgarriak
kamikazeentzat
labelik gabeko kantuak
maskotarik ez duen jendearentzat

zorionez memoria ere itzali egiten da
eta ez dugu enbalsamatzaile gehiago beharko
beste dozena kantutan

morau@arrainentzakohimnoak.org

Licencia Creative Commons